Pedro Etxarri kontu hartzailea eta Ainhoa Zabalo alkatea gaurko agerraldian
Behar gehien duten herritarrei erantzuteko aurrekontuak onartu dituela Lezoko Udalak esan du Ainhoa Zabalo alkateak: «Lehentasuna egoera zailena duten herritarren beharrak asetzea izan da aurtengorako onartu dugun aurrekontuan eta horrek Lezoko Udalaren sentsibilizazioa agerian uzten du».
Horrenbestez 7.500.000 euroko aurrekontua kudeatuko du udalak aurten, iaz baino 200.000 euro gehiago, atez ateko bilketari esker diru hori aurreztuko baitu udalak, Zabalok nabarmendu duenez. Besteak beste 60.000 euroko diru zatia enplegu planera bideratuko dute eta hamar lanpostu sortuko ditu udalak: lau lorazain, bi margolari, eta igeltsero eta elektrizista bana. Gizarte Zerbitzuetako hainbat alorretako diru zatiak handitu egin ditu halaber udalak aurrekontuan, Zabalok azaldu duenez: «Familia laguntzetarako 15.000 euro bideratu ditugu, iaz baino 10.000 gehiago oinarrizko beharrak asetu gabe dituzten familiei laguntzeko. Familia esku hartzera berriz, 50.000 euro bideratu ditugu. Azkenik, berdintasunera bideratutako diru zatia ere handitu dugu iaz lehenengoz 1.600 euro izan genituen eta aurten 6.000 euro izango ditugu horretarako».
Gardentasuna oinarri
Aurrekontuak onartu aurretik proposamena herri batzarrean aurkeztu zutela herritarren iradokizunak kontuan hartuta ekarri du gogora bestalde alkateak, eta ondorioz aurrekontu parte hartzailea izan dela nabarmendu du. Horren harira, aurrekontuen gaineko azalpenak emateko prestotasun osoa azaldu du Zabalok eta horretarako batzarra irekia antolatu dutela otsailaren 8an goizeko hamarretan udaleko pleno aretoan adierazi du. Batzar horretan parte hartu nahi duten eragile eta bizilagunek asitentzia konfirmatu egin beharko dute eta horretarako 943 52 98 86 telefono zenbakira deitu edo lezo@udal.gipuzkoa.net posta elektronikora mezua bidali behar dute. Azken eguna otsailaren 5a izango da.