Ibilbidea ezagutzeko irteera egin zuten lasterkariek joan den igandean
Lehenengoz egingo dute Lezo-Jaizkibel lasterketa otsailaren 23an Lezotarrak Lasterkari Taldeak antolatuta, eta hilabete baino gehiago falta denean dortsal guztiak agortu dituzte. 250 lagunentzako dortsalak aurreikusi zituzten eta haiek agortuta, beste 150 lagunek eman dute izena itxarote zerrendan. Azkenean denak onartzea erabaki dute antolatzaileek.
13,95 kilometroko
ibilbideari eta 706 metroko metatutako desnibelari aurre egin beharko diote lasterkariek.
Lasterketarako izena emateko aukerarik ez dago, baina bai egun berean laguntzeko. Besteak beste boluntarioak behar dituzte antolatzaileek, dortsalak banatu, arropa jaso, bidegurutzeetan egon eta ibilbidean zehar jan edanak banatzeko lasterketaren egunean bertan. Aurretik, berriz, ibilbidea markatu, hesiak jarri eta jan edanak garraiatzeko laguntza ere beharko dute.
Lagundu nahi dutenek Sotxo eta Sorgin tabernetan izena eman,
lezoarraklt[abildua]gmail.com helbidera mezua bidali edo Lezotarrak Lasterkari Taldearen facebook orrian egin dezakete.
Sariak
Lehen hiru sailkatuek, gizonezko zein emakume jasoko dute saria eta baita herriko lehenengo gizon zein emakumeak. Suebakiko igoera azkarren burutzen duen korrikalariak ere jasoko du saria, halaber.
Juneren Hegoak egitasmoa
Lezoarrak Lasterkari Taldeak bat egin du Juneren Hegoak egitasmoarekin eta horrenbestez, izen emate bakoitzeko euro bat egitasmo horretara bideratuko du. Irabazi asmorik ez duen ekimena da Juneren Hegoak eta haren helburua berriz, gaixotasunak dituzten eta baliabiderik ez duten haurrei laguntzea da. Lasterkariak eta egitasmoaren elkarlanaren harira gainera, otsailaren 23an bertan haurrei begira lasterketa antolatu du talde lezoarrak: “Mendi lasterketako korrikalariek jaizkibelerako bidea hartzen dutenean eta plaza libre uzten dutenean egingo dugu haurrei begirako lasterketa, 10:15 inguruan”.
Lasterketa amaituta hamaiketakoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek herriko plazan, parte hartzaile, boluntario eta ikusleentzat.