"Krisiaren aurkako neurriak faltan" bota ditu EAJk aurrekontuetan
Udal Gobernu Taldeak egindako aurrekontu proposamenaren aurrean, EAJk adierazi du ez dutela kontuan hartzen errenteriarrek bizi duten krisi egoera, eta horren kontrako neurriak faltan bota dituela ere esan du Maite Peña bozeramaile jeltzaleak. “Ez dute nahikoa ahalegin egin beharrezkoak ez diren partidak gutxitzeko”, gaineratu du.
Bere proposamena ere luzatu du EAJk, eta batez ere 2 milioi euro pasatxo murriztu, eta arlo sozialean 1.130.000 euro gaineratzea biltzen du. 2 milioi euroak “publizitate, beharrezkoak ez diren ikerketa eta kanpo kontratazioak saihestuz” lortuko luketela adierazi du. Baita Dantzagunetik ere. Udalaren aurrekontua gehiegitzat jo du, eta foru aldundiak ekarpen handiagoa egin beharko lukeela esan du: “Dantzagunea ez da udal proiektua, lurralde proiektua baizik, Gipuzkoa osoarentzat izango dena”.
Bestalde, diru gehiago inbertitzea proposatu du arlo sozialera. Hala nola, 300.000 euroko partida 700 eurotik beherako pentsioa duten alargunentzako “kontribuzio ordainketa saihesteko”. Bestetik, enplegua sustatzeko 350.000 euroko partidaren alde egin du EAJk. Azkenik, hainbat obra egiteko 450.000 euroko partida: “Estolda hodiak libratzeko, kamioi bat erosteko, kirol azpiegiturak hobetzeko eta Iberdrolako transformadorearentzako, besteak beste”.