Hondarribiko familia baten etxearen enkantea gelditu dute
Gaur eguerdian Hondarribiko familia baten etxearen enkantea geldiarazi dutela jakinarazi du Bidasoko Stop Kaleratzeak-ek. Familia horrek lagun batek eskatutako mailegua abalatu zuen. 65.000 euroko mailegua zen, mailegu-emaile profesionalen bitartez lortutakoa, baina eskrituretan 130.000 euro jarri zuten eta %8ko interes tasa ezarri zioten; hilabete batean itzultzeko mailegua zen eta berandutze-interesa %29koa zen.
Stop Kaleratzeak-etik azaldu dutenez, Hondarribiko sendiaren lagunak ezin izan zuen mailegua itzuli eta bere buruaz beste egin zuen. Ondorioz, abal-emaileei 241.000 euro eskatu zizkieten; diru hori ezin ordaindu eta bihar, ostegunean, familia horrek Irunen duten etxearen enkantea egitekoak ziren. Stop Kaleratzeak mugimenduak abenduan salaketa jarri zuen mailegu-emaleen kontra, haien iritsiz kontratuan gehiegizko klausulak zeudelako. Donostiako epaitegian salaketa onartu eta etxearen enkantea gelditu dute.
Stop Kaleratzeak taldeko kide den Jose Maria Erauskinek salatu du mailegu-emaile eta notario asko krisiaz baliatzen ari direla, “aurrezki kutxek enpresa eta familiei krediturik ematen ez dietenez, beraiek mailegu mafiosoak eskaintzen dituzte eta, horrela, huskeriak ordainduta garajeak, etxebizitzak edo baserriak lortzen dituzte”. Erauskinek dei egin die antzerako egoeran dauden familiei elkartearekin harremanetan jartzeko. “Botere publikoak ez badira gai eskoria hau desagertarazteko guk geuk eguin beharko dugu”, gaineratu du Stop Kaleratzeakeko kideak.