Herriko hezkuntza publikoaren eskaintza jendaurrean azalduko dute
Hilaren 23ean izango da, 17:00etan, Reina aretoan. Matrikulazioari begira jarri dira ikastetxeak, otsailaren 3tik 13ra bitartean egin ahal izango da.
Herriko ikastetxe publikoek bilera ireki bat egingo dute hilaren 23an gurasoei hezkuntza publikoaren eskaintza azaltzeko. Bilera hori batik bat 2011 eta 2012an jaiotako haurren gurasoei zuzenduta dago, lehenengo aldia izango baita haurrak matrikulatuko dituztenak, baina beste gurasoek ere aukera izango dute joateko. Hurrengo ostegunean, hilak 23, 17:00etan izango da Reina aretoan.
Matrikulazio kanpaina betean sartuta daude ikastetxeak. Horiek otsailaren 3tik 13ra egin ahal izango da. Dagoeneko udalak 737 eskutitz bidali ditu 2011-2012 urtean jaiotako haurren gurasoei zuzenduak, herriko eskaintza publikoaren berri emanez, eta era berean, D ereduan matrikulatzera animatuz. 2-3 urtekoentzako 177 plaza eskaintzen dituzte.
Koldo Mitxelena, Cristobal Gamon eta Bizarain —Langaitz eta Beraun Berri ikastetxeen bat egitetik sortutako ikastetxea— dira herriko ikastetxe publikoak. Zentro horietako zuzendariek ere hezkuntza publikoaren alde egin dute, «euskaldun eta parte hartzailea».
Matrikulazioa
Internet bidez matrikulatu daiteke hezkuntza.net helbidean edota ikastetxe bakoitzetik pasatuta. Data horien barruan egitea garrantzitsutzat jo dute, baita bi matrikula baino gehiago ez egitea ere. Hori legez debekatuta dagoela nabarmendu dute, eta bi matrikula eginez gero, zuzenean, Eusko Jaurlaritzaren delegaritzak atzera botatzen dituela.
Ate irekiak
Ikastetxe bakoitzak ate irekien jardunaldiak egingo ditu. Koldo Mitxelenan, hilaren 27tik hilaren 30era izango dira, 16:30etik 17:30era. Gamonen hilaren 27 eta 29an eta otsailaren 4 eta 6an, 16:30etik 17:30era. Hilaren 28an aurkezpen bilera egingo dute, 16:30ean. Bizarainen, hilaren 30ean izango da, 17:00etatik 18:30ean, Beraun Berrin.