'Bizipoza' ikuskizunak hartuko du Elorsorok hilaren 26an
Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen Bizipoza ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango dute Oiartzungo txikienek hilaren 26an 17:00etan hasita. Elorsorok hartuko du ikuskizuna. 1.5000 sarrera salduko dituzte ikuskizunerako, guztiak kiroldegiko takilan eta aldez aurretik. Horrenbestez hilaren 18an jo beharko dute sarrerak eskuratu nahi dituztenek Elorsoroko takilara 16:00etatik 19:00etara eta gehienez zortzi sarrera eskuratu ahalko ditu lagun bakoitzak.
Haurrentzako sarrerak (2 urtetik gorakoentzat) 5 euroan salduko dituzte eta helduentzat 8 euroan.
Ugaldetxoko kultur taldeak antolatzen du urtero hiru pailazoen ikuskizuna Oiartzungo Udalaren laguntzarekin eta urtero bezala dei berezia egin diete gurasoei, lehentasuna haurrei emateko: “Bi gurasoak etorri beharrean, bakarra etortzeko deia egiten diegu, ikuskizunak duen arrakasta dela eta sarrerak berehala agortzen direlako. Horregatik lehentasuna haurrei emateko eskatu nahi diegu”.