Miguel Angel Paez, gaur, azalpenak ematen
Gabonetako dendarien kanpainaren balorazio egiteko agerraldian —”ez dira garai onenak erosketak egiteko, baina jendea erakartzen saiatu gara hainbat jarduerarekin”, esan dute udaletik—, Miguel Angel Paez Ekonomia Sustapenerako ordezkariak esan du hiriko komertzioen aldeko apustua egiten jarraituko duela gobernu taldeak, “Gabonetan ikusi da indarra baduela sektore horrek, eta itxaropentsu gaude gure hirirako oso garrantzitsua den sektore horrekin”. Horrela, PERCO plan berri bat abian jarriko dutela iragarri du Paezek, 2014an zehar.
Bestalde, Irun Oparitu ekimenaren barruan izan diren zozketen irabazleen berri eman dute: Olalla lentzerian, Paco motor dendan, R-Nove estetika zentroan eta Plan Cuatro dendan eman dituzte sariak; 500 euroko bonoak dira, hiriko saltokietan baliatzeko. Datozen egunetan jakinaraziko diete irabazleei denda horietan erosteagatik jaso dituzten sariak.
100 dendatik gora parte hartu dute Gabonetako ekimen horretan, eta Paezen esanetan, udala saiatu da Gabonetan Irun erosketak egiteko hiri erakargarria izaten, eta horren adibide Zabaltza plazako azoka berezia eta Artitadetó-Irun Factory taldearen kale animazioak jarri ditu.