Kasino Zaharrean elkartzen dira Marlaxka elkarteko jokalariak
Baionan irabaziz hasi du Gipuzkoako Xake Liga Hondarribia-Marlaxkako lehen taldeak, Ohorezko Mailan lehiatuko denak (1,5-2,5). Bost talderekin lehiatuko da aurten ligan Marlaxka eta estraineko jardunaldian hiru garaipen eta bi porrot izan zituzten. Baionan lortutako garaipenari esker sailkapeneko hirugarren postuan jarri da Marlaxka A taldea. Eibar eta Anaitasuna ditu aurretik, 3 punturekin —biek 3-1 irabazi zuten—. Lehen Mailako taldeak ezin izan zuen emaitza bera lortu eta Elgoibarren galdu zuen, (1,5-2,5). Aldiz, Bigarren Mailan ariko den Marlaxka Ck Añorgari gailendu zitzaion etxean (3-1). Azkenik, Hirugarren Mailan derbia izan zen Hondarribiko bi laukoteen artean. E taldeak irabazi zuen larunbatean Kasino Zaharrean (3-1).
Bost talderekin lehiatuko da aurten Marlaxka Lurraldeko Ligan, bana Ohorezko, Lehen eta Bigarren Mailan eta bi talde Hirugarren Mailan. Garai batean Euskal Ligan aritzen ziren, baina taldeak profesionalizatzen hasi zirenean atzera egin zuen, elkarte txikia delako, aurrekontu txikikoa. Hala ere, iaz bigarren geratu zen Ohorezko Mailako taldea, ozta-ozta ez zen Euskal Ligara igo —bertan dira, esaterako, Irungo Batalla eta Errenteria-Oreretako Sustapen taldeak—.
Aste Santua bitarte lehian izango dira Marlaxkako bost taldeak, bakoitzak bere helburuarekin. Goio Uriarte elkarteko presidentea da eta Ohorezko Mailako taldean lehiatzen da. Azaltzen duenez, Hondarribiko taldearentzat liga aukera ona da jokalariak trebatzeko. “Ohorezko Mailako taldea iaz bigarren geratu zen, eta aurten nahiko genuke errepikatzea baina zaila ikusten dugu. Lanpetuta gabiltza eta xakean oso garrantzitsua da asko entrenatzea. Lehen eta Bigarren Mailan helburua da mailari eustea. Lehen Mailan gaztetxo bat sartu dugu bera baino eskarmentu handiagoa duen taldekideekin trebatzeko aukera izan dezan”.
Taldeko kide gazte bat
Eta Lurraldeko Hirugarren Mailan bi talde ditu Hondarribia-Marlaxkak. “Maila horretan ahalik eta jokalari gehien jokatzea nahi dugu, aukera eman denei”, azaldu du Uriartek: “Bi talde horietako batean Kasino Zaharreko adinduak eta gaztetxo batzuk aritzen dira, eta bestean gogoarekin datozen batzuk daude. Finean helburua da lehiatzea eta talderen batek maila galtzen badu ez da ezer gertatzen, igoko da beste urte batean”, gehitu du presidenteak.
Guztira 41 jokalari ditu taldeak eta horiekin jokatuko du ligan, tartean kadete mailako bi jokalari, adinagatik baimen berezia behar dutenak Hirugarren Mailan jokatu ahal izateko. Partida bakoitzean lau tablero daude eta, hortaz, lau jokalari joan behar dira talde bakoitzarekin. Hortaz, 20 jokalari lehiatzen dira astebururo Marlaxkarekin baina, 41 direnez, ez dute arazorik izaten kopuru horretara iristeko. Halaber, talde gehien dituen Gipuzkoako xake taldea da Hondarribikoa, Donostiako Gros handiaren atzetik —talde profesionala da, Lurraldeko Ligaz gain, Euskal Ligan, Espainiakoan aritzen da Gros eta Europako Txapelketa irabazi izan du munduko txapeldun ohiak fitxatuta—.
Haurretatik hasita
Hondarribia-Marlaxkarekin xakean ikas eta aritu nahi duena Kasino Zaharreko ganbaratik pasa daiteke astelehen eta ostegun arratsaldetan, bertan elkartzen baitira elkarteko kideak. Teknifikaziorako elkartzen dira, baina hasi nahi duenari zer egin behar duen esango diote bertan. Hastapenak Irungo Kateako (Landetxa) auzo elkartean egiten dituzte, bertan baitu Marlaxkak Xake Eskola. Hogeita hamar haur baino gehiago daude izena emanda eskolan aurten, gehienak irundarrak.
Kasino Zaharrean, esan bezala, teknifikazioa lantzen dute eta ligan aritzen diren jokalariak izaten dira bertan. Elkarteko ordenagailuan bost milioi partidako datu-basea dute eta, nahi duenak, jokalari zehatz baten kontrako partida prestatu dezake. “Baina elkartearen asmoa ez da hori” —dio Uriartek—, “jokalari bakoitzaren maila hobetzea baizik. Horregatik hasberriei teoria irakasten diegu, liburu batzuk ditugu ikasteko eta gure artean jokatzen dugu, maila hobetzeko. Elkarrekin entrenatzen gara eta, horrela, partidak denen artean komentatzen ditugu. Hori da helburua. Agian ez gara hain lehiakorrak, baina haurrak asko janzten ditugu, haurrak, gazteak eta gu”. Gainera, adin desberdinetako jokalariak elkarrekin aritzen dira “eta hori inportantea da xake jokalari bezala, baina baita pertsona bezala”.
Hondarribia-Marlaxkari buruz gehiago jakin nahi duenak euren
bloga bisitatu dezake.
Hondarribia-Marlaxkaren emaitzak
Lurraldeko Ohorezko Maila
- Baiona-Hondarribia Marlaxka A 1,5-2,5
Lurraldeko Lehen Maila
- Elgoibar A-Hondarribia Marlaxka B 2,5-1,5
Lurraldeko Bigarren Maila
- Hondarribia Marlaxka C-Añorga 3-1
Lurraldeko Hirugarren Maila
- Hondarribia Marlaxka E-Hondarribia Marlaxka D 3-1