I. Mikel Odriozola Ibilketa Saria egingo dute, eta era berean, Euskadiko Txapelketa jokatuko dute. Ekimenaren helburua herrian atletismoa, eta zehazki, modalitate hori sustatzea izango da.
Ezohiko itxura hartuko du igandean, Fanderiako kiroldegiko inguruak, ibilketariak ikusi ahal izango baitira: I. Errenteriako Ibilketa Saria-Mikel Odriozola Saria egingo dute EAT Errenteriako Atletismo Taldearen eskutik, eta era berean, Euskadiko Txapelketa izango da. Hamabost urtez egin gabe egon ondoren, errekuperatu egingo dute proba hori.
Emakume nahiz gizonen gazte, junior eta senior mailako ibilketari federatuei zuzenduta egongo da. Hala, 11:00etan hasiko da emakumeen lasterketa (10 kilometro) eta ordubete beranduago, 12:15ean, gizonena (10 kilometro). Bertan parte hartuko dute ere Galizia eta Kataluniako selekzioek ere. Izena emateko
EATen webgunean egin dezakete.
Ez da oso modalitate ezaguna eta praktikatua Euskal Herrian. Horrenbestez, Errenteria-Oreretan atletismoa, oro har, eta ibilketa, zehazki, sustatzea izango du helburu.
Odriozolak berak azaldu duenez, maila txikienetan bultzatu nahi dute batik bat kirol hori, eta horregatik, alebin, infantil, kadetek —beteranoekin batera— parte hartzeko aukera izango dute. Lasterketan ondoan izango dute Odriozola bera, eta beste hainbat ibilketari profesional. Zentzu horretan, lasterketa “festa handi bat” izatea nahi duela gaineratu du.
Mikel Odriozola errenteriarra da, hain zuzen, sari gehien lortu dituen ibilketaria, Euskal Herrian. Hala nola, hiru joko olinpikoetan parte hartu du, eta Osakako Munduko Txapelketan (2007) seigarren izan zen. Europako txapelketetan 4.en eta 5.en izan da, Budapesten (1998) eta Gotenborgen (2005).
Milia eta omenaldia
Federatuen bi lasterketen artean, 12:00etan, milia (1.609 metro) egingo dute, eta bertan edonork parte hartu ahal izango du, federatua egon ala ez. Izena emateko 16 urte eduki behar dira, eta 8 euro ordaindu behar dira. Egunean bertan egin daiteke, Fanderiako kiroldegiko sarreran, 11:00ak arte. Lehenengo sailkatuentzat sariak izango dira aurreratu dute EATetik.
Ekitaldian zehar, Maria Vasco ibilketaria kataluniarrari omenaldia egingo diete, bere bizitzan zehar izandako lorpenak goraipatzeko. Hala nola, Sydneyko joko olinpikoetan (2000) brontzezko domina lortu zuen, eta Osakako Munduko Txapelketan ere brontzezko domina eskuratu zuen. Europako Txapelketan, Metzen (2009) urrezko domina jantzi zuen.
Trafikoa moztuta
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, trafikoa moztuta egongo da igandean, 08:00etatik 14:00etara, Fanderiako pasealekuan, baita Fanderia Etrobideko 17. zenbakitik ere.
Era berean, zirkuitu osoan ezingo da ibilgailurik aparkatu, Fanderia pasealekuko 17. zenbakitik Santa Klara biribilguneraino, larunbateko 16:00etatik igandeko 16:00etara.
Horrez gain, Federico Garcia Lorca kalean gune bat prestatuko dute ibilgailuak aparkatzeko. Hala ere, topoaren geltokia gertu izanda, korrikalariei hori erabiltzeko deia zabaldu diete.