
Ama taldeko ordezkaritza Tortosan
Hondarribiko Ama Guadalupekoa Judo Taldeko Haurren Mailako hainbat kirolari Tortosan (Herrialde Katalanak) izan ziren asteburuan, Espainiako Super Koparako baliagarria zen txapelketan parte hartzen. Urre bat, bosgarren postu bat eta bi zazpigarren lortu zituzten hondarribiarrek.
Aitor Goikoetxearentzat izan zen urrezko domina, -42 kiloetan, lau borroka irabazita. Nagusitasuna eta judo bikaina azaldu zuen Goikoetxeak Tortosan eta Espainiako rankineko lehen postua berretsi zuen, Espainiako Txapelketarako txartela lortuz.
Jon Pascualek (+66) bosgarren postuan bukatu zuen, nahiz eta brontzea gertu izan zuen. Brontzea lortzeko borrokan aurretik zen baina epaileak bere kontra
ippon ez oso argi bat adierazi zuen eta bosgarren geratu zen.
Javier Estevas-Guilmain zazpigarren geratu zen (-46). Sorbaldan min hartuta egon da Estevas-Guilmain eta Tortosakoa lehen txapelketa izan da bi hilabete geldirik egon eta gero. Zazpigarren geratu zen Gorka Aranbarri ere (-55) eta Ander Peña bederatzigarren (-46). Aranbarri eta Peña lehen aldiz aritu dira Superkopan.
Ronaldo Veitia entrenatzaileak dagoeneko bi kirolarik Espainiako Txapelketarako sailkapen zuzena lortu dutela nabarmendu zuen: “Denek tatami gainean garapen tekniko eta taktiko egokia erakutsi zuten eta laurentzat lehen urtea da Haurren Mailan. Orain hurrengo txapelketak prestatzen jarraitu behar dugu, Gipuzkoa mailakoak izango direnak”.