216.206 dokumentu katalogatu ditu Eresbilek 2013an. 730 partitura berri lortu ditu aurten Eresbilek, iaz baino %30 gehiago.
Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak egin du 2013ko denboraldiaren balantzea, eta aurten, zortzi funtsa berri barneratu ditu. Oraindik ez dute katalogatzen bukatu, “ekarritako materialak asko direlako”. Lan hori “urte askotan” egin beharko dutela aurreratu dute. Hasiera batean, 26.000 dokumentu daudela kalkulatu dute. Horiek kontuan hartu gabe, 216.026 dokumentu kontabilizatu dituzte 2013an.
Zortzi funts horiek honakoak dira: Manuel Zubillaga funtsa (Hernani), Jose Urkijo funtsa (Bilbo), Herri Irratiaren soinu artxibategia (Donostia), Ezkila argitaletxearen bilduma (Belloc-Urt), Ruperto Iruarrizaga funtsa (Bilbo), Imanol Olaizola funtsa (Donostia), Zabala familiaren funtsa (Tolosa), Jose Menendez funtsa (Tafalla). Eresbilek eskerrak eman dizkie emaileei.
Horiek, hein batean, nazioarteko lankidetzari esker lortu ditu; oso baliagarri egin zaio testuinguru ekonomikoak ekarritako baliabide falta dela eta. Hala nola, La Habana, Granada, Bartzelona, Madril eta Euskal Herriko erakundeekin aritu da elkarlanean.
Partiturak ere lortu ditu 2013an, eta 730 izan dira lortutako berriak. Eresbilek zehaztu du 2012an baino %30 gehiago lortu dituela.
Francisco Escudero, sarean
Eresbilek aurten euskal musikari buruzko publikazio elektronikoak bultzatzen hasi da, eta Itziar Larrinaga musikologo eta Musikeneko irakaslea aritu da Francisco Escuderoren lanak katalogatzen. “Musikagileak egindako obra guztien azalpen xehatua da, eskuidatzi eta inpreso guztien kokalekua azaltzen delarik, baita grabazioak dauden ala ez”. Lan hori
Eresbilen webgunean aurki daiteke.
Juan Zelaia Letamendi musika bekak ere eman dituzte eta Nagore Tolosa eta Iban Uribarrik lortu dituzte.
Eresbil, 2014ean
Datorren urterako agenda ere prestatu du Eresbilek. Maiatzaren 15 eta 18ean eta maiatzaren 22 eta 24ean izango da. Lehenengo asteburuan, musika garaikidea, jazz musika, musika urbanoak eta Errenteriako Bandaren 150. urtemuga dela eta, kontzertu berezia egongo da. Bigarren asteburuan, Musikasteren eskema klasikoa berreskuratuko dute, eta hala nola, Valentin Zubiaurre bizkaitar musikagilearen heriotzaren mendeurrena gogoratuko dute.
Bestalde, hainbat irteera egingo ditu, Valentziako AEDOMeko jardunaldietara, Granadako harizko laukoteen kongresura eta Txileko musika artxiboen jardunaldietara.
Iaz, Habanako musika ondarearen tailerrean, Vienako Musika Liburutegien Nazioarteko Kongresuan eta Granadako AEDOMeko jardunaldietan parte hartu zuen.