Leka Eneak irabazi dio Hispalisi eta Europako postuetan jarraitzen du
Hispalis taldearen aurka 4-1 irabazi zuen Gizonen Superdibisioko Irungo Leka Enea mahai-tenis taldeak eta Europan jokatzeko aukera ematen duten postuetan jarraitzen du, baina aurreko postuetatik urruti. Bosgarren jarri dira irundarrak, 11 punturekin, eta hiru puntu ateratzen dizkiote zazpigarrenari. Seigarren Mataro dago, 10ekin, baina partida bat gutxiagorekin. Aurretik, Priego liderrak 19 puntu ditu eta Cartagenak eta Borgesek 15, baina oraindik ez dute jardunaldi honetako partida jokatu.
Nesken taldeak bihar jokatuko du Cartagenaren kontra, 10:30ean. Murtziarrak Emakumeen Superdibisioko lidergoan dira, orain arteko partida guztiak irabazi eta gero.
Mutilen bigarren taldeak, aldiz, Ohorezko Mailakoak, gaur jokatuko du Valentzian, Mediterraneo taldearen aurka. Bost garaipen dituzte valentziarrek, Leka Eneak baino bi gehiago.