Bilbora bidean dira lehen autobusak
Alderdi eta sindikatu abertzaleek Bilbon egingo duten manifestaziora joateko hasi dira Oarso Bidasotik autobusak ateratzen. Bizkaiko hiriburura joango diren autobus gehienak Tantaz tanta herri ekimenak deitua zuen egun osoko mobilizaziora joateko autobusak izango dira.
Alderdi eta sindikatu abertzaleek Bilbon egingo duten manifestaziora joateko hasi dira Oarso Bidasotik autobusak ateratzen. Bizkaiko hiriburura joango diren autobus gehienak Tantaz tanta herri ekimenak deitua zuen egun osoko mobilizaziora joateko autobusak izango dira. Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok debekatu du presoen aldeko mobilizazioa, baina Hondarribiko goizeko autobusa irten behar zenean Tantaz tantako kide batek argitu duenez, “autobusak irtengo dira, goizekoak nahiz arratsaldekoak”, Bilbon antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera utzi dituzten arren. Izan ere, Espainiako Gobernuari hartutako bideari —epailearen erabakia estatuko fiskaltzaren eskaera eta gero iritsi da— ezohiko erantzuna eman zitzaion atzo eta alderdi politiko abertzaleek (EAJ, Sortu, EA, Aralar, Alternativa eta Geroa Bai) eta LAB eta ELA sindikatuek deialdi bateratua egin dute, leku eta ordu berean egitekoa. Hala, 18:00etan La Casillatik manifestazio isila abiatuko da Giza eskubideak, konponbidea, bakea leloarekin. Aspaldi ikusi gabeko batasuna izaki, gaurko mobilizazioa erraldoia izango dela espero dute deitzaileek. Hori horrela, helburuak bete direla uste dute Tantaz tantakoek eta garrantzitsuena “lanerako filosofia” dela esanda, presoen aldeko itsasoa sortzeko asmoa bertan behera utzi dute.