EPPKren bitartekarien atxiloketen harira, manifestazioa gaur (osteguna) Oiartzunen
Gaur, 20:00etatik aurrera eta Doneztebe plazatik abiatuta, manifestazioa egingo dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekarien kontrako polizia operazioa salatzeko. Horrez gain, bihar (ostirala), 12:00etan, Donostian egingo den manifestaziora joateko deitu dituzte herritarrak. Sortu da herriko mobilizazioaren deitzailea.
Oiartzungo Sortuk polizia operazioa salatzeaz gain, atxiloketak preso ohiek “konponbiderako adierazitako konpromisoari bakearen etsaiek emandako erantzuna” izan dela esan du, “PPk konponbidearen aurka burutu duen enegarren saiakera da”, eta horren helburua Durangon larunbatean agerraldia egin zutenak zigortzea eta “herritarren artean etsipena sortzea” dela argitu du: “Horren aurrean ez dago etsipenerako tarterik, ordea. Herri honek aurrera egingo du, bakearen etsai guztien gainetik”.
Atzokoa Herrira-ren kontrako operazioaren segida izan zela uste du Sortuk, eta larunbatean Bilboko kaleak betetzera deitu dituzte herritarrak, presoen eta iheslarien aldeko manifestazioan.