Arkitektoek Luzuriagako bulegoen eraikina babesteko eskatu dute
Euskal Arkitektoen Kolegioak Antxoko Luzuriagako Bulegoen eraikina babesteko eskatu du. Ondare industriala babesteari garrantzitsua deritzo Arkitektoen Kolegioak, eta Luzuriagakoa ez ezik, Rekaldeko Coca-Colako eraikina eta Ibaetako Farmazialarien Batasunarena gordetzeko eskatu du.
Luzuriagako eraikina Ricardo Olaranek eraiki zuen 1956ean. Gipuzkoako gerra ondorengo arrazionalismoaren eredutzat jotzen da eraikina, eta hortik dator bere balioa. Eusko Jaurlaritzaren ondare industrialaren inbentarioan jasota dagoen eraikina da.
Arkitektoen kolegioa ez da eraikina babesteko eskatu duen bakarra. Antxotarrok Histori Mintegiak aspalditik ari da aipatu eraikina babesteko lanean, eta ekimen ugari burutu ditu helburu horri begira.