Irungo Artia auzoan egingo dituzten lanak txalotu ditu EAJk
Artia auzoko Pintor Berroetako kaleko aparkalekua 25 plazatik 49ra handitzeko lanak aurki hasiko dituzte. Era berean, aparkaleku horretatik Zurbaran kalera irteera bat egingo dute. Irungo EAJ pozik dago lan horiek abiatuko dituztelako, eta esan du 2012ko nahiz 2013ko aurrekontuetarako lan horiek egiteko proposamena eraman zuela, eta 2013koan azkenik onartu egin zuela ekarpen hori gobernu taldeak.
“Baina 2012ko aurrekontuan ez zuen gure proposamena onartu Santano alkateak. Kontra, 50.000 euroko partida bideratu zuen parte hartze prozesu bat abian jartzeko helburuarekin. Prozesu horretan erakutsi zen EAJk egindako proposamenak bizilagunen beharrei erantzuten ziela”, esan du Xabier Iridoy EAJren udal taldearen bozeramaileak. EAJk Artian proposatu zituen lanetako bat da aparkalekuena.
Hori horrela, “Santanoren gobernuaren eraginkortasun eza” nabarmendu du Iridoyk, lanak egin arte “denbora eta dirua xahutu delako” jeltzalearen ustez. “Eraginkortasun eza” ere lanak egiteko epean dagoela esan du jeltzaleak, “2013ko otsailean onartutako aurrekontuan jasotako konpromisoa 2014 hasierara arte gauzatzeko gai izan ez direlako”.