Hondarribian bizi den Eduardo Vidarte argazkilari eibartarraren argazki bat hautatu dute Billabong XXL sarietarako. Hendaia eta Urruña parean sortzen den Belharra olatu erraldoiaren argazkia da, atzo egindakoa, eta bertan Peio Lizarazu hendaiarra ageri da 20 metro inguruko olatua harrapatzen. Nahi duenak Vidarteren argazkiaren alde eman dezake botoa
Billabong XXL-ren Facebook orrian.
Hainbat urtez ezkutuan egon eta gero, negu honetan dagoeneko hiru bider azaldu da Belharra olatua eta horrek mundu osoko olatu erraldoien zaleak erakarri ditu.
Atzo mugimendu handia zebilen Loia badia pareko eremuan eta sako izan ziren bertaratu ziren surflari nahiz argazkilariak. Asko izan ziren Belharraren gainera igotzen saiatu ziren kirolariak baina gehienak airean botatzen zituen olatuaren indarrak eta hainbat taula puskatu zituen.
Lortu zuteneko bat Peio Lizarazu hendaiarra izan zen eta ederki jaso zuen unea Vidartek —une horretakoak dira eibartarrak lortutako beheko hiru argazkiak—. Hondarribiko SUP taldearentzat argazkilari bezala aritzen da Vidarte eta taldeko beste kide batzuekin joan zen Belharra olatuaren bila. Vidartek lortutako argazki horietako bat Billabong aldizkarira bidali zuten eta 2014 XXL Global Big Wave Awards lehiaketarako hautatu dute. Besteak beste, olatu handiena eta olatu handietan egindako saio onena saritzen ditu Billabongek lehiaketa horretan.
Albisteak ezustean harrapatu zuen Vidarte, berak ez baitzekien bere argazkiak Billabong aldizkarira bidali zituztenik: “Errebelatu eta gero SUPekoei whatsapp bidez bi argazki bidali nizkien eta Jokin Letamendiak Billabong aldizkarira bidali zituen, niri ezer esan gabe. Donostiatik itzuli nintzenean argazkia eskatu zidan Jokinek, Billabongekoek nahi zutelako. Itzela izan da. Jokinek izan zuen ideia eta ni, noski, eskertuta”.
Belharrari atzo egindako beste argazki bat ere sailkatu dute Billabong XXL sarietarako. Aurelien Laborde argazkilari frantsesak egindako argazkia da eta olatu handien munduko zirkuituan leihatzen den Jamie Mitchel
rider australiarra da olatuaren gainean ageri dena.