2012an 56.000 erabiltzaile izan bazituen Xorrola Oiartzungo herri barruko autobusak, 2013an marka hori txiki gelditu da: 65.078 lagunek erabili dute joan den urtean; 9.000 gehiagok, alegia. Udalak datuok emateko oharra bidali du prentsara, “arrunt pozik gaude, datu oso onak dira”.
Horrela, erabiltzaileen gorakada azken urteetan izan diren berritasunekin lotu du udalak, “Lurraldebus txartelean sartzea, ibilgailu berria, Arraguako geltoki berria, ikastetxeekin eta eskolaz kanpoko jarduerekin tratua… Oiartzuarren artean erabat finkatuta dago”. Horrela, “mugikortasunaren aukera erreala izan dadin” Oiartzungo Udalak lanean jarraituko duela jakinarazi du.