Inaxio Tolosa eta Ramon Agirre
Ramon Agirre eta Inaxio Tolosa aktoreek abiatuko dute Oiartzungo antzerkiaren urtea, igandean, 19:00etatik aurrera, udaletxeko areto nagusian,
Koka kola eta barea lanarekin. “Ez Dok Amairu mugimenduan iratzargailuak jo ez zuelako parte hartu ezin izan zuten bi showmanen istorioa” kontatzen du bi aktoreen antzerkiak, udalak eman duen informazioaren arabera. Horretarako sarrerak salgai daude 5 euroan Amazkarren eta Garmendi txokolategian; egunean bertan ere eros daitezke tiketak, udaletxean.
Oiartzungo Antzerkizale Elkarteak urterako antolatu duen lehen emanaldia da honakoa. Udalak lagundu eta babesten du talde hori. Euren helburua da herriko antzerkizaleei eskaintza ematea, eta herrian antzerkizaletasuna sustatzea, hortaz, urte osoan egin nahi dituzte emanaldiak. Hala, uda aurretik, Khea Ziater taldearen
Satisfaktion, Ttak Teatroa-ren
Ta oain ze?, ZuOndoan konpainiaren
Maddi eta Antton haur antzerkia, edo herriko taldeen emanaldiak (gazte eta helduenak) ikusteko aukera izango da, besteak beste. Uda ondoren ere bizpahiru emanaldi dira antolatzekoak.