Nazabal aurrelaria, Zabala atzelaria, eta Etxeleku prestatzailea.
Aurreko asteburuan Txost taldeko Senior Mailan joko garbiko ezker paretan ari den bikoteak Euskal Herriko Txapelketako finalera sailkatzea lortu zuen, Hazparneko Noizbait taldeari 36-40 irabazita. Hendaian jokatu zuten finalaurreko partida, eta finala ere bertan izango da, igandean. Oiartzuarren bikotea Nazabalek eta Zabalak osatu zuten. Oiartzunek lehenengoz izango ditu bi pilotari joko garbiko final batean.
Finalaurreko partida hasieratik jarri ziren markagailuan aurretik oiartzuarrak. Erdialdetik aurrera, ordea, hazpandarrak asko gerturatu zitzaizkien, baita aurrea hartu ere 36-35 emaitzarekin. Partida bukaera arte tanto guztiak Txostenak izan ziren, hortaz, finalerako txartela lortu zuten. Partida ikusgarria izan zen.
Finala Senpereko taldearen kontra jokatuko dute. Txostetik esan dute senperearrak direla faborito, zaila izango dela txapela etxera ekartzea, “baina finalak jokatu egin behar dira, eta oiartzuarrek finalaurrekoaren maila azaltzen badute, aukera beti hor izango dutelakoan gaude”.
Gazte Mailan, berriz, Txost ez zen finalera iritsi Ustaritzeko Kapito Harrik 40-26 gainditu zuelako. Hasieratik nagusi izan ziren lapurtarrak, eta 20-5 aurreratzea lortu zuten. Handik aurrera orekatu egin zen lehia, baina hasierako tartea erabakiorra izan zen, eta ezin finalera sailkatu.