Hondarribiko lehen taldeak ezin izan du bere partida jokatu futbol zelaian putzu handiak sortu direlako
Ohorezko Mailako Hondarribiak ezin izan zuen jokatu Aurreraren kontrako partida, euriagatik urez beteta zegoelako zelaia. Nonbait, ubideak trabatuta daude eta erraz jartzen dira gainezka berdeguneko zati batzuk. Etxean jokatutako azken bederatzi partidetatik bi dira dagoeneko atzeratu behar izan dituztenak eta lehen taldeko entrenatzailea kexu agertu da: “Ez zait serio iruditzen eta kanpora begira ematen ari garen irudia penagarria da”, adierazi du Mikel Llorentek eta arazoa konpon dezatela eskatu du.
Urarena ez da Hondartza futbol zelaiak duen gabezia bakarra. Gogoratu behar da neguan 15:30ean jokatu behar dituela Ohorezko Mailako taldeak bere partidak, zelaiak ez duelako argi azpiegiturarik. Eraiki zutenean ez zituzten argiak jarri eta Hondartzako kiroldegiko beste zelaiak egin zituztenean ere udalak ez zuen probestu zelai nagusira argia eramateko. Hala, entrenatzeko argia badu Hondarribia taldeak, baina jokatzeko ez. Elkarteko beste taldeek ez dute arazo hori, zelai artifizialeko zelaietan jokatzen dutelako.
Bosgarren jartzeko aukera
Bere partida jokatu gabe, sailkapeneko bederatzigarren postuan dira berdeak, 22 punturekin beste hiru talderekin berdinduta. Hiru horiek eta 23rekin dagoen Aloña Mendik berdindu dute asteburuan eta, hortaz, Hondarribiak bere partida irabaziz gero bosgarren posturaino jauzi egingo luke. Baina horretarako Aurrerari gailendu behar zaio eta ez da erraza izango, laugarren postuan baitaude ondarroarrak, 27 punturekin.
Oraindik ez da zehaztu Aurreraren kontrako partida noiz jokatuko duten.