Hondarribiko hainbat gaztek garai bateko Herri Olinpiadak berreskuratu nahi dituztela jakiteak hamaika oroitzapen ekarri dizkit burura. Izan ere, ekimenak Hondarribiko generazio arteko elkarbizitzari, parte hartzeari, inplikazioari eta dinamismoari egindako ekarpena izugarria izan baitzen.
Ideiaren jatorria Hernanin kokatu beharra dago eta Bartzelona joko olinpikoen egoitza izendatu berri izanak izango zuen bere eragina seguruenik. Bertatik ideia hartu eta Andoain eta Hondarribia aldera zabaldu zen. Baina Hondarribian baino arrakasta handiagorik ez zuen inoiz inon lortu. Urteren batean 40 koadrila inguruk parte hartu zuten. Kontuak atera. Bankonabo, Txurrumuski, Atletiko Malote, Hapi, Flaxiya, Gatz Emana, Lanbasak, Xolobero, Alaxka ta baxka, Basatiak, Bart-ze-lo-ona, Sektore Gogorra, Ashkorax…
Helburuak herriko koadrilen artean harremanak egitea, mugimendua sortzea, lehiaren bitartez saltsa sortzea eta ondo pasatzea ziren. Eta ederki bete ziren helburuak. Lan asko egindako jendea dago urte horietan, baina Ketxus, Juantxo, Marta eta konpainia ditut nik modu berezian gogoratzen.
Udazkenean hasi eta udaberria bitarte asteburutan burutzen ziren froga desberdinez osatutako olinpiadak. Baina guztien artean bi egun kuttun: Parodiaren gaua, inauterietako ostiral gauean ospatzen zena, eta olinpiadako amaierako bazkaria, Benta Zaharrean egiten zena.
San Pedro kalean egiten ziren lehen Parodiak edo antzezpenak. Zabalaren txokoaren inguruan. Gerora, Jostaldin ospatuko zirenak. Jendez lepo egoten zen lekua. Geure buruez modu sanoan barre egiteko parodiak; agerian uzten zutenak herrian ere bazirela maila handiko artixtak. Mikel Sagarzazu horietako bat, nola ahaztu.
Olinpiaden aitzakian herri bat jarri zen mugimenduan urteko hilabete geldoenei
eta tristeenei bizia emateko, eta hamarkada luze bat iraun zuen
Olinpiadako amaiera bazkaria Benta Zaharrean egiten zen. Eta gogoan dut nola ibili ziren Egaña eta Lizaso bertsolariak, bazkal ondorengo bertso saiora gonbidatuta, gaueko ordu txikitan, Benta Zaharrean bat-batean antolatutako futbito partidua jolasten eta hurrengo urtean itzul zitezen falta gabe hots egiteko eskatzen.
Olinpiaden aitzakian herri bat jarri zen mugimenduan urteko hilabete geldoenei eta tristeenei bizia emateko eta hamarkada luze bat iraun zuen. Mugimendu horrek indar handia eman zien gazteei, erakutsitako askatasuna, antolakuntza ahalmen eta inplikazio mailagatik. Horren adibide Borja Jauregi alkate zenak herriko jaien bezperatan txosnen kokalekua Bentatik egungo Kiroldegira eraman nahi zuenekoa adibidez. Berria ezagutu eta berehala asanblada antolatu zen eta manifa jendetsua burutu. Alkateak atzera egin behar izan zuen.
Herrian eragin zuen askatasun giro horrek ere izan zuen beste une gogoangarria. Herri honen giro ezin hobe eta askatasun osozko garai garrantzitsuenetako baten erakusgarri izan zena. Mugimenduak bere gorena jo zuenekoa. Geure buruaz eta herria beraz, modu sanoan, barre egiteko, herria parodiatzeko modu bat izan zena, eta gerora etorriko zenarekiko inflexio puntua: Urbano Emazabelek, irailaren 6an, koadrilen egunean, Alardeko Kantineren karroza pasatu eta gero, herriko ile apaindegietan depilatua eta orraztua, kantineraz mozorrotuta eta danborra eta txibilitoa jotzen zuten neska-mutil koadrila handi batek lagunduta, Portuko kaleetan zehar Benta Zaharreko txosna guneraino desfilatu zuenekoa. Herrian inoiz izan den askatasunezko eta berdintasunezko alarde ederrena.
Honddarbiya, Honddarbiya! Txol herri eder garbiya! Bartzelonako olinpiadak ezttuk haueken erdiya!