300 oparitik gora jaso dituzte Oparitu Irribarre Bat kanpainarekin
JSE-Egazek martxan jarritako Oparitu Irribarre Bat kanpaina bukatu da. Azken aste honetan behar gehiena duten herritarrentzako opariak pilatzen aritu dira, eta azkenean, 300 opari bildu dituzte.
Atzo, ostirala, eman zizkion Gurutze Gorriari opariak JSE-Egazek Errenteriako Herriko Etxean. Bertan izan ziren, Errenteriako Gurutze Gorriko presidente Jose Antonio Fernandez, Gipuzkoako JSE-Egazeko idazkari nagusi Isaac Palencia eta Errenteriako PSE-EEko idazkari nagusi Jose Angel Rodriguez.
Aurreko urteko kanpaina “bikoiztu” egin dutela nabarmendu zuen Rodriguezek. Kanpainaren asmoa egoera ekonomikoarengatik garai honetan oparirik erosi ezin zutenei ilusioa ematea zela adierazi zuen. “Orain opari hauekin aukera badute”.
Eskerrak eman zizkien Oiartzungo Alcampori ekarpenengatik eta Beraungo auzo elkarte eta Galtzarabordako kiroldegiari laguntza emateagatik.