"Udala oinarrizko zerbitzuak bermatzeko lanean ari da"
Jaurlaritzarekin ostatua ematea luzatzeko urratsak egiteko bilerak egingo dituela esan du, eta Jaurlaritzarekin lehenbailehen etxebizitza sozialak bideratzeko harremanak sendotuko dituela, "ahalik eta baldintza onuragarrienetan".
Pasaiako Udalak Trintxerpeko sutearen ondorengo lehen balorazioa egin du, eta datozen orduetan batik bat, kaltetu eta erakundeekin —aldundia nahiz Eusko Jaurlaritza— harremanetan jarraituko duela adierazi du. Azken horiekin ostatuaren gaia landuko du: “Aldundiarekin ostatutzea luzatzeko urratsak egin ditzan bilerak egingo dira. Eusko Jaurlaritzarekin harremanak sendotuko dira, lehenbailehen etxebizitza sozialak bideratzeko ahalik eta baldintza onuragarrienetan”.
Orain arte, aldundiak 72 ordukoa den ostatu emateko zerbitzua luzatu du, eta Jaurlaritzak, berriz, etxebizitza sozialetarako sarbidea egiteko eskaintza egin du.
Kaltetuekin une oroko harremanetan
Amaia Agirregabiria alkateak berretsi du “udalak bere bitarteko guztiak” jarri dituela eta jarriko dituela: “Udala oinarrizko zerbitzuak bermatzeko lanean ari da”. Gaineratu du kaltetuekin une oroko harremanetan jarraituko dutela.
Zentzu horretan, Gizarte Ekintzako langileak kaltetuekin egongo direla esan du, “horiek dituzten behar partikularrei erantzuna eman ahal izateko”.
Alkatea ere aseguru etxeekin bilera erronda bat egiteko prest azaldu da, zenbait kaltetuk aseguru etxeekin izan dituzten arazoak kontuan hartuta.
Horrez gain, proposamen bat luzatu die oposizioko alderdiei kaltetutako bizilagunek uraren ezta hondakinen bilketa zerbitzuaren tasa ez ordaintzeko. Eta horri Ondasun Higiezinaren Zerga ere gaineratu dio.