Bi lagun atzeman dituzte Errenteria-Oreretako Mugaritz jatetxean lapurtzen. Urteberri egunean atxilotu zituzten, Andoni Luis Aduriz sukaldariaren jatetxeko iturriek jakinarazi dutenez.
Goizeko bederatzietan izan zen lapurreta, iturri beren arabera. Ustezko lapurrek alarma sistema osoa errotik atera zuten. Hala eta guztiz ere, alarmak soinua atera zuen, eta zaindariek abisua jaso zuten.
Kalteak batez ere atea eta sarrailetan eragin zituztela gaineratu dute Mugaritzeko iturriek, baita Adurizen bulegoan ere. Bertan eragindako kalteak ez direla balio ekonomiko handikoak zehaztu dute, baina bai sentimentalekoak, Adurizek El Bullin lan egindako lehen urteen oroitzapenak baitzituen, baita bere lehen plateren marrazkiak ere.
Irekiera ez da atzeratuko
Abendutik itxita dago Mugaritz, urtero garai honetan egin ohi duten bezala, eta urtarrilaren 16an irekitzea espero dute. Mugaritzeko iturriek jakinarazi dutenez, lapurretak direla eta, ez dute irekiera data atzeratuko, eta esandako egunean zabalduko dute.