Trintxerpeko suteak kaltetutako familiak hasi dira suhiltzaileen laguntzarekin haien etxeetara sartzen. 5. solairukoak hasi dira eta bakoitzak ordu erdi bat du etxetik ahal duena ateratzeko. Gizarte Zerbitzuetako langileek HITZAri azaldu diotenez, orain arte sartu direnak "ondo" hartu dute aukera hori: "Horren beharra zuten, batzuk ez baitzuten ezer janzteko ere".
Kaltetuetako bat etxera sartu aurretik, suhiltzaileen azalpenak jasotzen
Trintxerpeko suteak kaltetutako familiak hasi dira suhiltzaileen laguntzarekin haien etxeetara sartzen. 5. solairukoak hasi dira eta bakoitzak ordu erdi bat du etxetik ahal duena ateratzeko. Gizarte Zerbitzuetako langileek HITZAri azaldu diotenez, orain arte sartu direnak “ondo” hartu dute aukera hori: “Horren beharra zuten, batzuk ez baitzuten ezer janzteko ere”.
Familia bakoitzari ordu jakin bat ezarri zaio sartzeko eta oraindik zain daudenei luze gertatzen ari zaie, baina gutxi dira horrekin kexu direnak, zenbait komunikabide haien gainean etenik gabe dituzten arren. Batez ere aurrera nola egin, hori da kaltetuen arteko elkarrizketetan gehien entzuten dena eta gizarte zerbitzuetako langileen lana eta herritarrek erakutsitako elkartasunarekin oso eskertuta azaltzen dira.
Arratsaldera arte jarraituko dute etxeetara sartzen baina goiko solairuetakoak ezingo dute, lurrik ere geratzen ez delako. Aseguruekin harremanetan jartzeko unea ere dute Aseguru etxeetatik esan dutenez, “sute bakarra izan arren, familia bakoitzaren kasua aztertu behar da, bkoitzaren poliza desberdina izango delako”.
Elkartasuna izugarria ari da izaten
Euskadi etorbideko 5. eta 7. solairuetatik oso gertu, Ziriza eraikinean, jarri dute elkartasun gunea. Herritarrak sartu eta sartu ari dira bertara poltsekin, ahal dutena emateko. Uneoro dozenatik gora boluntario dago jasotakoa sailkatzen, Trintxerpekoak asko baina beste barrutietakoak ere. Pasaia osotik dator jendea, laguntzeko eta zerbait ekartzeko, arropa batez ere. Esan dutenez, arropa gehiago ez da behar —sobratzen dena Caritasera bideratuko dute—, “etxeko tresnak bai, sukalderako etabar. Beste etxe batean sartu behar badute hori beharko dute.
Boluntarioak jasotako materiala sailkatzen
Angel da boluntario horietako bat, gertatu dena gertutik jarraitu duena. Begiak bustita ditu gogoratzen duenean etxetik atera zirenekoa, kaleko 9. sotoan bizi baita bera: “Gure etxea suhesia izan zuen, horri esker ez zen gehiago zabaldu”. Suhiltzaileen lana “bikaina” izan zela nabarmendu du: “Oso erraza da jakin gabe hitz egitea baina egia bakarra da eta suhiltzaileei esker ez zen sutea kale osora zabaldu. Etxe hauen paretak finak dira, adreiluzko horma bat baino ez dago eraikinen artean eta ganbaretan denok ditugu altzariak eta horrelakoak. Oso erraz zabaldu zitekeen baina suhiltzaileak goizetik zeuden hemen, goizeko sua itzali eta gero bertan geratu zirelako. Sua oso azkar piztu zen eta azkar handitu ziren garrak, baina suhiltzaileek sekulako lana egin zuten ez zabaltzeko”.