J.L. Maritxalar, Nekane Dominguez eta Santi Angulo (Eleak)
Joan den urtea, 2012, bukatu gabe zegoela, Oreretako hainbat gazterekin elkartasunezko ekimenetan buru-belarri sartuta geunden. Ordudanik, urtebete pasatu da, eta 2013. urtea bukatuta, balantzea egiteko ordua iritsi dela iruditzen zaigu.
Egia esan, eskubide zibil eta politikoen inguruan Oreretan egin behar dugun balantzea ezin da gozoa izan. Urte hau ere mikaztu egin zaigu. Hona hemen datuak:
Urtea hasi bezain laster, lau gazte gehiago atxilotu eta espetxean sartu zituzten. Gazte erakunde bateko kideak izateagatik eta lan publikoa egiteagatik sei urteko espetxealdia jasan beharko dute.
Aurrerago, udaberrian beste bi epaiketaren berri izan genuen. Hain zuzen ere, udazken honetan, bi epaiketa hasi dira 76 euskal herritarren eta 110 herriko tabernen aurka; haien artean Idoia Arbelaitz herrikidea eta Landare kultur elkartea ditugu.
Udazkenean ere, euskal preso politikoen eskubideen alde lan publikoa egiten zuen Herrira mugimenduko hainbat kide atxilotu eta bi urteko etenaldia ezarri zioten; kasu honetan auzipetuen artean Manu Ugartemendia herrikidea dugu.
Euskal Herrian, aldiz, balantzea gazigozoa iruditzen zaigu: alde batetik, epaitutako herritar askoren absoluzioa ikusi dugu eta, bestetik, komunikabideen ixtea, mobilizazioen debekatzea, erakunde politikoei legez kanpo uzteko etengabeko mehatxuak, D ereduko irakasleen jazarpena… ia eguneroko ogia izan dugu oinarrizko eskubideen urratzea.
Bukatzeko, ez dugu aipatu gabe utzi nahi Madrilgo gobernuak aurrera atera nahi duen Herritarren Segurtasunerako Legea. Eleak-eko kideen ustez, lege hori ez dator herritarrok babestera, politikariak, enpresariak, bankariak eta polizia bera babestera baizik. Ondorioz, herritarroi adierazpen askatasuna eta eskubideak berriz ere murriztuko dizkigu, eskubide zibil eta politikoen aurkako enbat honek.