Lehen momentutik larrialdi zerbitzuen gune bilakatu zen Txintxerpe barrutiko alkateordetza eta hiru egunean ordu gutxi eman ditu bertatik kanpora Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak. Nekatuta dago, haserre komunikabide batzuek kaltetuekin izan duten jarrerarekin, baina harro pasaitarrek eman duten erantzunarekin.
Alkatea atzo, Ahaldun Nagusiarekin eta Gizarte Zerbitzuetako sailburuarekin
Urtezahar egunean hiru sute gertatu ziren Pasaian eta horietatik latzenak, Txintxerpeko Euskadi etorbideko 5. eta 7. zenbakiak kiskali zituenak, 42 familia utzi zituen kalean, baina okerrago ere izan zitekeen, suhiltzaileek azkar eta egoki erantzun baitzioten.
Lehen momentutik larrialdi zerbitzuen gune bilakatu zen Txintxerpe barrutiko alkateordetza eta hiru egunean ordu gutxi eman ditu bertatik kanpora Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak. Nekatuta dago, haserre komunikabide batzuek kaltetuekin izan duten jarrerarekin, baina harro pasaitarrek eman duten erantzunarekin.
Zer moduz zaude?
Nekatuta gaude. Egun asko daramagu hemen, oso urduri eta kezkaz beteta. Baina gauzak aurrera doazela ikusten ari gara, ari gara gauzak lortzen, eta zentzu horretan indartsu gaude eta itxaropentsu, egoera honi buelta ematen asmatuko dugulakoan.
Kostatuko zaizue egun hauek ahaztea.
Bai, gauza hauek ez dira erraz ahazten, noizbehin ahazten badira. Gaueko 12:30eko irudia, senitartekoak nola zeuden… eta beldurra, pentsatzen genuenean ‘noraino iritsiko da su hau?’. Une oso larria izan zen.
Nola erantzun zuen udalak hasierako une horietan?
Sutera iritsi ginenean berehala ikusi genuen ezingo zutela etxeetara itzuli. Hona ekarri genituen [alkateordetzara] gaua pasa zezaten, atseden har zezaten. Berehala aldundiko larrialdi sozialeko zerbitzuarekin harremanetan jarri ginen. Horiek egiten dutena da honelako kasuetan 72 orduetako ostatu zerbitzua eskaini. Lintzirin hotelarekin hitzarmena dute eta hara bideratzen dituzte kaltetuak. Guardian ziren teknikariak Pasaiara etorri ziren eta hemen egon ziren.
Lehen gauean Pasaian senitartekoak zituztenei haiekin joatea gomendatu genien, izututa zeudelako eta gertukoen babesa sentitu zezaten. Gainontzekoekin ostatu ematea pentsatu genuen, goizeko sutearekin bezala, Lintzirinera bideratzea. Baina ikusten genuen adineko jende asko zegoela, hotelak bermatu ezin zien mediku laguntza behar zutenak, eta DYAko langileek sorospen gune bat muntatu zuten alkateordetzan. Hala, kaltetuek atseden hartzerik izan zuten eta etengabe medikuen zaintzan izan ziren.
Hurrengo egunean ostatu ematen hasi ginen, udal eta aldundiko teknikariekin lanean. Dena gizarte zerbitzuetatik kudeatu da, 48 ordutan hiru bilera izan ditugu kaltetuekin, harreman zuzen hori ezartzea lortu dugu. Hasiera batean larrialdi uneari eman behar zitzaion erantzun globala eman genion, eta orain, beste erakundeak ere gerturatu dira eta familia bakoitzari erantzun pertsonalizatua eman behar zaio. Baliabide batzuk jarri dituzte eta gure lana orain hori koordinatzea da, baliabide horien ezaugarriak ezagutu eta norbanakoaren beharrei egokitu. Familia bakoitzaren egoera zein den aztertu eta aseguru etxeekin batera erantzun bat eman.
Zenbat dira etxetik kanpo dauden familiak eta non egiten dute lo?
5. eta 7. sotoetan 42 ate zeuden eta 42 familia dira, hortaz, kaltetuak. Batzuk lehen gaua senitartekoekin eman zuten baina gaur egun etxeak ez dira garai batean bezala eta zaila da hori soluzio bezala planteatzea. 42 familia dira eta gehientsuenak ostatu hartu dute Lintzirinen.
Herritarren erantzuna azkarra eta handia izan da. Dagoeneko arropa gehiago ez da behar eta etxerako gauzak ari dira biltzen. Baldin badago albiste onik, hori da, ez, elkartasun hori?
Eragile guztien batasun hori oso positiboa da, baliabide sozialak eta ekonomikoak bateratzea, beste erakundeekiko elkarlana, koordinatu beharra dago baina oso garrantzitsua da. Agerikoa da oso ondo egin dutela eragile desberdinek beraien arteko koordinazio lana. Sekulako gaitasuna izan dute euskarri hori kaltetutako familiei eskaintzeko eta albiste ona izan da hori.
Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin elkarlanean ari zarete. Nola banatzen dira eginbeharrekoak?
Aldundiari emergentzia sozialeko harrera 72 ordutik 10 egunera luzatzea eskatu genion, eta onartu zuen. Jarraituko dugu beraiekin hitz egiten beharbada beste luzapen bat eskatuko dugulako. Jaurlaritzak etxebizitza sozialak eta diru partida bat eskaini ditu eta une batean etxebizitza berreraikitzeko beharko balute Jaurlaritzak aurreproiektuaren erredakzioa bere gain hartuko luke. Baliabide horiekin, kaltetu bakoitzarekin nola baliatu ari gara aztertzen.
Eta udalean jarraipen batzorde bat eratu dugu, teknikari desberdinez osatua. Badakigu hau ez dela hiru egunetan konponduko den auzia, zoritxarrez luzatuko da eta jarraipena eman behar zaio. Herritarrari ematen zaion erantzuna berehalakoa izaten jarraitzea nahi dugu, orain arte izan den bezala. Beste erakundeetatik egiten ari zaizkigun eskaintza hauek ere denboran jarraipena izatea nahi dugu, ez dadila hemendik bi hilabetera inor Pasaiaz ahaztu.
Eta udalari dagokionez, hurrengo plenora proposamena eramango dugu, kaltetuen Etxebizitzen Gaineko Zergaren %100eko hobaria izan dezaten hau da, EGZ ordaindu behar ez dezaten, eta zaborren eta uren tasan baja ematea eskatuko dugu.
Eraikinen egoerari buruz aurreratu dezakezu zerbait? Eraitsi beharko dira?
Gaur arratsalderako aurretiko txostena egongo da, eta hor eraikinaren egoera zein den azaltzen da, baina batez ere aseguru etxeentzako dokumentua da, euren etxeko lanak egiteko behar duten lehen txostena delako. Hurrengo astean suhiltzaileen txostena eta ertzain etxekoa iritsiko dira, eta udalean ireki den espedientea osatuko da. Dokumentazioa biltzen joango gara, erabakiak hartzeko.
Bitartean kaleak itxita jarraitu du?
Bai, udalaren eginbeharra herritarren segurtasuna mantentzea da, arriskurik ez egotea ziurtatu. Eraikinarekin zer egin behar den erabakitzen den bitartean guk segurtasuna bermatu behar dugu, arriskutsuak diren elementuak kenduz. Txostenak daudenean jabegoarena da erabakia, baina udaletik esan zaie lagunduko diegula erabaki hori hartzen, informazioa emanez, egungo egoerarekin zein aukera dauden, eta abar.
Ebitatu zitekeen?
Nik uste hausnarketa egin behar dela, data konkretu hauetan petardo eta horrelakoekin egiten den erabilpenaz. Debekua? Zentzurik luke debekuak? Agian ez. Ez dugu ezer konpontzen udaltzainak umeen atzetik bidaltzen baditugu, eskuduntza duen erakundeak salmentarako baimenak ematen dituen bitartean. Baina erakundeok hausnarketa egin behar dugu. Beharrezkoak al dira horrelako espresioak… batez ere, erabilpen txarra ematen zaielako. Badiaren inguruan hazi garenok badakigu zer diren itsasoko bengalak, eta ez dira etxe batetik bestera botatzeko. Unea iritsi da, zoritxarrez zerbait gertatu denean, baina zorionez, gertatu zitekeen bezain larri izan ez delako. Gaiari heldu behar zaio.