
Udal teknikariak gaur goizean suteak eragindako kalteak aztertzen
Une honetan bizilagunekin daude bilduta hiru erakundeetako arduradunak. Bileraren aurretik komunikabideen aurrean azaldu dira, udal arkitektuekin egon eta gero, eta teknikariak eraikina aztertzen ari direla azaldu dute, zer egin erabakitzeko. Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak herritarren erantzuna txalotu du: “Aldundiatik eta Jaurlaritzatik etorri zaizkigu, beraiek ere ahal duten guztia eskaintzeko etorri dira. Bide batez aprobetxatu nahi dut eskertzeko suhiltzaileek eta udaltzainek egindako lana, eta Pasaiako herria egiten ari den esfortzua beraien bizilagunen beharrei erantzuteko”.

Komunikabide ugari hurbildu da Trintxerpera
Hiru erakundeak elkarrekin ari dira egoerari aurre egiten eta hori nabarmendu du Martin Garitano Ahaldun Nagusiak: “Lehen mometutik zerbitzu sozialak Pasaian izan dira, emergentziazko laguntzak emateko. Protokoloak aktibatu ditugu baina jai egunak direnez luzatu beharko ditugu, hiru egunetan ez baitu denborarik ematen gauza guztiak konpontzeko. Udalaren prestutasuna nabarmendu nahi dut, zein azkar erantzun duten, eta poztekoa da ere halako ezbeharren aurrean erakunde desberdinak elkarrekin ikustea, norbera bere ardura guztiak hartuaz”.
Zentzu berean mintzatu da Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikako sailburu Juan Maria Aburto, eta etxebizitza sozialak bizilagunen esku jarriko dituztela aurreratu du: “Koordinazioa oso garrantzitsua da, egin behar dena denen artean egin behar da. Orain batzartuta egon gara aztertzeko zeintzuk diren martxan jarri beharreko neurriak: Jaurlaritzaren aldetik hiru dira neurriak: batetik, beharrezkoa balitz proiektu arkitektonikoa garatzea, bestetik, laguntza ekonomikoak ematea eta, azkenik, etxebizitzak beharko balira udalaren esku uztea familiei emateko”.