Garraus helmugara sartzeko unean
Ion Garraus irundarrak, mutiletan, eta Claudia Behobide hondarribiarrak, nesketan, irabazi zuten 2013ko azken egunean Hondarribian egin zen San Silbestrean, Txingudi Korrikako eta San Martzialeko Igoerako palmaresa errepikatuz. Urteko azken hatsa arte sasoi bikaina erakutsi dute bi bidasoarrek eta zaila egingo zaie joan den urtea ahaztea.
Ion Garrausek irabazi zuen Sport Mundik antolatutako Hondarribiko IV. San Silbestre solidarioa. 19 minutu eta 33 segundu behar izan zituen Garrausek 6 kilometroko ibilbidea osatzeko. Bigarren Gonzalo Carrion hondarribiarra sailkatu zen, 11 segundora, eta hirugarren beste herrikide bat sartu zen, Iñigo Tumas, 20 minutu eta 42 segundoko markarekin.
Nesketan lehen hiru sailkatuak herrikoak izan ziren. Claudia Behobidek irabazi zuen. Ia aurkaririk gabe lehiatu zen Behobide baina kontuan hartu behar da goizean Beasainen 9 kilometro egin zituela, Gipuzkoako San Silbestre lehiakorrenean. Bosgarren izan zen hondarribiarra Beasainen eta, arratsaldean, disfrutatzera irten zen. Hondarribian 22 minutu eta segundo bat behar izan zituen Sport Mundik prestatutako ibilbidea osatzeko. Bigarren Itxaso Escondrillas geratu zen, 51 segundora, eta hirugarren Aratz Rodriguez, minutu eta hemezortzira.
Giro aparta bizitu zen Urtezahar eguneko arratsaldean herrian. Zo Zongo batukada taldeak girotu zuen Portu auzoa —Zuloaga kalean hasi eta bukatu zen proba— eta irteera baino ordu erdi lehenagotik sekulako festa zegoen. Antolakuntza bikaina izan zen, eta horretan zerikusi handia izan zuen Irun Rugby Taldeko kirolariek emandako laguntza.
1.800 dortsal banatu zituen antolakuntzak baina bi milatik gora izan ziren parte hartzera animatu zirenak, gehienak hondarribiarrak eta irundarrak; izena emandakoen arten 748 hondarribiar eta 741 irundar. Bakoitzak 12 euro ordaindu zuen eta lasterketan bildutako dirua Gaixotasun Arraroen Espainiako Elkartearentzat izan da.