Bertso Emozio Center
Halaxe izan zen joan den igandean BECekoa: goizetik arratsaldera emozioz irakiten aritutako lapikoa.
Finalera iritsi aurreko saioek iragarria zuten handia izango zela azken egunekoa. Aspaldi agortu ziren sarrerak. Twitter-en, txantxetan, sarrera bat enkatean jarria nuela igorritako txioak, galdera eta eskaintza bat baino gehiago izan zuen zuzeneko edo mezu pribatuen postontzian. «Benetan jarri al duk sarrera enkatean? Amorratuta nabilek sarrera baten atzetik!» Eta gisakoak.
BECerako sarreran gozoa zen giroa. Bateko errifa edota informazio-orri eskaintza, besteko libre zioten zapi laranjak… Kolore horretako eskumuturrekoa jarri ondoren, ia beteta aurkitu genuen Bizkaia Arena. Kostata aurkitu genituen eserlekuak. Ingurukoei entzundakoa, goizeko bederatzietan jendetza zegoela BECeko ateetan, hamaiketarako iragarrita zegoen magia-funtziorako. Graziosoa izaten da talde jakin batzuen estiloa: nebera txuri-urdina, zatoa, ogi pila… Espero den plazerari plazer erantsia eman nahi hori, biziki deigarria iruditzen zait halakoetan.
Bertsolariak heroien pare hartu zituen bertsozale uholdeak (13.500 inguru). Haiek txaloak! Hura emozioa! Banan-banako sarrerako bertsoek berehala iragarri zuten totala zetorrela finala. Lehen instantetik dena ematea izan zen bertsolarien eskerrona. Ez naiz hasiko bertso-diziplina bakoitzean izandako perlak gogoratzen eta azpimarratzen. Asko izan ziren. Bertso bete asko. Gehienak esango nuke. Mezu sakon asko. Goizeko saioari Beñat Gaztelumendik jarri zion agurra. Gazteena izatearen bidesaria.
Arratsaldean bereziki hunkigarria izan zen bertsolariak oholtzara joan aurreko ordu erdia. Olatu eta olatu… uhinezko jolasa. Besoak gora eta behera. Eta, berriz ere, gora eta behera. Eta, berriz ere… Aurkezleak lanak izan zituen bihotz hunkitu haiek denak bere onera ekartzen. Berriz ere heroien pare egin zitzaien ongi etorria zortzi bertsolariei. Hortik aurrera, dena izan zen délicatesse-a.
BECeko jendartean adin guztietako jendea ikustea hausnarketarako eduki izan liteke. Bertsolaritzak gauzak ondo egin dituen seinale. Bertsozale Elkarteak norabidean asmatu duen seinale. Bertsoaren kalitateari dagokionez, berriz, freskuraren inguruko betiko eztabaidaren gainetik, agerian geratu da bertso eskolek lortu duten emaitza perfekzioaren atalasera iritsi dela. Zer gehiago espero genezake? Euskara, esaldien loturak, errimak, mezuak… Ez dago obra bat hobeto egiterik.
Mezuari dagokionez, azterketa soziologiko bat baino gehiago egiteko modukoa eman du aurtengoak. Ausart ibili zen Aitor Sarriegi indarkeriaren biktimen mina eta adiskidetzearen gaia plazaratzean. Garaiari dagokion mezua, inolako zalantzarik gabe. Herri honek «aita eta ama guztiak» behar dituela azpimarratu zuen Unai Iturriagak. Nola batek hala besteak txalo zaparrada jaso zuten. Beste horrenbeste, presoei egindako erreferentzia guztiek, edota Amets Arzalluzek buruz-buruzko kartzelakoan errefuxiatuen etorrerari egindako aipamen gogoangarria. Eta… zer esanik ez, Unai Iturriagak, «aita atentatuan hil eta alderdi guztiak lehen aldiz omenaldian bildu zirela» gaia emanda, alderdiei konponbidea eskatu izanak.
BECen bizi izandakoaren zertzelada horiek, bertsolariek jaurtitako mezuek eta jendeak txaloz emandako baiezkoak, agerian uzten dute, berriz ere, gizartea politikoen aurretik doala. Alderdiak, ponentzia eta ponentzia, lortu ezinean dabiltzan batasuna BECen ikusi dugu, oso gai gordin eta delikatuetan. Eta… berriz ere, agerian geratu da, egun beteko bertso jardunak hilabetetako bilera, agerraldi eta eztabaida birtualek baino gehiago ematen dutela. Akaso, bertso eskoletara hurbildu beharko lukete gure politikoek. Batzuek, hori bai, aurrez euskaltegian euskara ikasi eta ondo alfabetatu ondoren.
Bitartean, egin diezaiegun omen BECeko magia-aldian partaide izan zirenei. Hauek dira: Amets Arzalluz, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina. Bertsolari Txapelketa Nagusi honetan parte hartu duten beste guztiak gogoan, mila esker! Ez nekatu inoiz!