Euskal hiztun komunitatea trinkotu nahi dute Errenterian
Dikoma egitasmoa martxan jarri dute Errenteria-Oreretan, udalaren eskutik. Euskal hiztunen komunitatea trinkotzea eta euskararen aldeko diskurtso berri bat sustatzea da asmoa.
Eusko Ikaskuntza, Soziolinguistika Klusterra, Elhuyar, Topagunea eta UEMAk martxan jarritako egitasmoa da, eta Errenteria-Oreretaz gain, beste hiru herritan jarri dute martxan: Zumaia, Oñati eta Bermeo.
Lehen fase batean daude orain. Bertan hizkuntz ekologiaren argudioak kontuan hartuta, dinamizazio joko bat prestatu dute. Hain zuzen, hori azaroaren 21ean probatu zuten hainbat herritarrekin, eta bigarren saio bat ere egin zuten abenduaren 13ean. Egindako saioetan arlo desberdinetako 25 lagunek parte hartu dutela jakinarazi dute antolatzaileek, “euskaldun zein gaztelaniadunak, jokoaren bidez hizkuntzarekin izan dituzten esperientziak partekatzeko”.
Hirugarren bat ere egingo dute, eta horretan ondorioak ateratzea izango da helburua. Urtarrilean egingo dutela aurreratu dute.