Atez atekoari buruzko herri galdeketa eskatu dute jeltzaleek
Gaur goizean erregistratu du EAJk Pasaian atez atekoari buruzko herri kontsulta egitea eskatzen duen mozioa, eta ondoren, prentsaurrekoa eman dute Pasaiako jeltzaleek, beren eskaeraren gainekoak azaltzeko. Taldeko bozeramaile Nahikari Oterminek pasaitar guztien iritziak kontuan hartzeko eskatu dio udal gobernuari eta “ez bakarrik atez ateko sistemaren alde daudenen iritziak”.
“Bilduren herri partaidetza iruzurra” dela iritzi dio Oterminek eta “informazioa eta parte hartzea nahastu” izana egotzi dio Amaia Agirregabiria alkateari. Izan ere, Oterminen aburuz, udal gobernuak Antxon herritarrekin egin dituen “bilerek ez dute zerikusirik izan egiazko parte hartzearekin, erabakia aldez aurretik hartua” zegoelako. “Atzo diputazioan Garitanok esan zuen bezala herri borondatea errespetatzen badute, Pasaian ere erakuts dezatela borondate berdina”, eskatu du Oterminek.
EAJren iritziz, Pasaitarrek behin baino gehiagotan erakutsi dute atez atekoaren kontra daudela, “zabor poltsak balkoietan zintzilikatuz edota udaletxean aurkeztu ziren 4.247 sinaduren bitartez”. Alkateak, baina, “beste aldera begiratu eta gehiengoak nahi ez duen sistema inposatzen jarraitzen duela” uste du EAJk.
Antxon egin duten bileretan “garestiagoa, zikinagoa eta pasaitarren intimitatearen aurkakoa den sistema” honek “jendearen haserrea eragin” duela esan dute EAJkoek. Horrez gain, Eskalantegi kaleari erreferentzia eginez, atez ateko sistema “modu kaotikoan” ezartzea egotzi diote udal gobernuari, “Antxoren kasuan, kale berdinean bizi diren pasaitarrek hondakinak biltzeko sistema desberdinak izango dituztelako”.