Hamasei auzoko udaltzain jarriko dituzte
Udaltzaingoaren kontzeptu berria lantzen ari dira Errenteria-Oreretan, eta zentzu horretan, auzoko udaltzain figura atera du udalak. Hamasei auzo udaltzain egongo dira, bi auzo bakoitzean; bata goizez eta bestea arratsaldez.
Joan den asteazkenean egin zuten auzo udaltzainaren eredu berriaren aurkezpena Merkatuzarren. Julen Mendoza alkateak azaldu zuenez, “kalitatezko Udaltzaingoa” izan nahi dute Errenteria-Oreretan: “Herritarren zerbitzura jarrita, proaktibo eta prebentiboa, herritarrengandik hurbil dagoena eta haiekin inplikatua, hurbileko eta beste instantzia batzuekin koordinatua”.
Auzoko bizitzan sartzea da asmoa, eta erreferente izatea “merkatari, gizarte kolektibo, elkarte, ikastetxe, eskola ingurune eta beste zenbait arlotan”.
Herritarren parte hartzea, beharrezkoa
Eredu hori hemendik aurrera hasiko dira lantzen, eta horretarako, herritarren parte hartzea beharrezkoa izango dela nabarmendu zuen. Auzo elkarteekin ere bilerak egingo dituztela aurreratu zuen.
Bestalde, Udaltzaingoaren arreta gunea udaletxera eraman dutela jakinarazi duen, eta horrenbestez salaketak nahiz bestelako kudeaketak egin ahal izango direla. Bulegoko mugikor bat ere jarriko dutela azaldu zuen.