Gol bakarragatik, baina garaipena lortu du La Bacaladerak Oreretan
Gol bakarreko aldeagatik bada ere, garaipena lortu zuen La Bacaladera Hondarribiak larunbatean Errenteriako Udal Kiroldegian Ereintzaren kontra jokatutako Euskal Ligako hamaikagarren jardunaldiko partidan. Partida estua izan zen, bi taldeek izan zituzten aukerak irabazteko, baina azkenean Viki de la Hazaren mutilak nagusitu ziren (21-22).
Emaitza horrekin hirugarren postua sendotu dute hondarribiarrek, haiekin berdinduta zeuden Erandio eta Txiki-polit taldeek galdu zutelako. Hala, 15 puntu pilatu ditu orain arte La Bacaladerak, aipatu bi talde horiek eta Escolapiosek baino bi gehiago. Urdulizek 12 puntu ditu baina partida bat gutxiago, asteburu honetan El Pilarren kontra jokatu behar zuena atzerat dutelako. Sailkapeneko lehen bi postuetan ez da aldaketarik izan, Ucin Usurbil liderrak nahiz Soralucek irabazi zutelako. Liderrak 21 puntu ditu eta soraluzetarrak
Heldu den asteburuan hamabigarren jardunaldia jokatuko dute, lehen itzuliko azken aurrekoa. Indupime Basauri izango dute hondarribiarrek aurkari, igandean, 12:00etan. Sailkapeneko azken tokian daude bizkaitarrak, hamar partida jokatu eta denak galdu eta gero. Partida erraza dirudien arren ez da hala izango, asteburu honetan bertan Corazonistasekin gol bakarragatik galdu baitu Basaurik.