Elkarretaratzea egin dute Hendaiako atzerritarren atxikitze zentroan
SOS Arrazakeriak, CIMADE eta Ipar Euskal Herriko Isilpean Zirkuluen Elkarteek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo goizean Hendaiako atxikitze zentroaren atarian, salatzeko bertan “deliturik ez duen jendea” atxilotuta dutela, besteak beste, “administrazio arau soil bat ez betetzeagatik”. Eguraldia lagun, hamarnaka lagun bildu ziren bertan, eta manifestua irakurri zuten hainbat parte hartzailek: “Hemen, Hendaian, mugaren bi aldeetako poliziek kontrol etniko eta diskriminatzaileak egiten dituzte, eta Schengen espazioan aldarrikatzen den zirkulazio askea hutsaren pareko bihurtzen dute. Polizien arteko lankidetza horri, espainiar eta frantziar estatuen politika kriminal horri, mugaren bi aldeetako jendeen elkartasunezko lankidetzarekin aurre egin behar diegu. Pertsona orok munduko edozein lekutan bizimodu duin bat aurkitzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu”.
Mobilizaziokoak dira goiko irudiak.