Azkena
Kaixo lagun, pentsatzen dut ez dudala irakurle izugarri pila, baina haiei zuzentzen natzaie. Izan ere, hau baitut idazten dudan azkeneko aldia. Artikulu honen mamia, uztearen arrazoia izango da. Izan ere, aspaldian izugarri gauza pilarekin nabil, eta ez daukat denborarik ezertarako.
Azken aldian, disfrutatzen ari naiz egiten dudan hori egiten. Gauza bakoitzak, bere denbora eta testuingurua eskatzen du, eta aurtengo kurtsorako hartu ditudan egitekoei ez diet behar zuten bezalako arreta jarri. Artikulu hauek izan dira horren adibide, aukera izugarri ona izan zitekeen hau, idatzi, barrua askatu eta horrekin disfrutatzeko, baina une askotan ez dut horretarako behar bezalako baliabiderik jarri, eta ez dut nahi adina gozatu. Gauza bakoitza, zoragarria bezain nazkagarria izan daiteke, horretarako jartzen dugun kontzientzia mailaren arabera. Artikulu hau, asteburu batean eta patxadaz egingo banu, ziurrenik izugarri gozatuko nuke, baina azken unean eta haurrak inguruan ditudala jolas-garai batean korrika egiten badut, zaila da gozatzea. Bizitza, lehentasun kontua omen da, eta nirean halakoak jartzea tokatu zait. Hamar gauza disfrutatu ezinik egin beharrean, disfrutatuz pare batek gehiago ematen baitute.
Hau kontatu nahi nizuen, nire buruari egindako galdera batek asko lagundu didalako, beste norbaiti balio baldin badio, poztuko nintzateke. Galdera da, ea zergatik sartu naizen horrenbeste gauzetan? Asko lagundu dit jakiteak galdera honen erantzuna deszifratzen. Argi etorri zitzaidan, ohartu bainintzen, bizitza beteegia dudanean, ez dudala nigan pentsatzeko denborarik. Antsietate horrek nire barruko mezuak ez entzuteko balio didalako. Zer eginik ez dudan arratsalde batean, konturatzen naiz, asko kostatzen zaidala nahi dudana zer den jakitea, errazagoa dela zer egin behar dudan jakitea, zer egin nahi dudan baino.
Hau guztiagatik, hauxe da idazten dudan azken aldia, mila esker inoiz irakurri nauzuenoi, plazer bat izan da hau egitea, eta inoiz zerbaitetarako balio izan badizue, izugarri pozten naiz, ongi izan.