Biomasaren kopurua azken urteetakoa baino txikiagoa kalkulatu duten arren, antxoaren kosterari eusteko modua izango dela uste dute zientzialariek. Azti Tecnaliak 110.000 tona inguruko biomasa kalkulatu du Bizkaiko Golkoan; azken hamar urteetako batez bestekoa baino %25 txikiagoa.
2003tik hasita, urtero egin du Azti Tecnaliak Bizkaiko golkoan dagoen antxoa gazteen kopuruaren kalkulua, Juvena kanpainaren barruan. Irailean egin zuen aurtengo azterketa, eta 110.000 tona inguru kalkulatu zituen, guztiak udaberrian jaioak. Iaz 142.100 tonako kalkulua egin zuen. Hala ere, neguan aurreko urteetan izandakoaren antzeko iraupen tasa izanez gero, datorren urtean ere kosterari eusteko “aukera oso handiak” daudela dio Aztik.