Jose Corchon eta Xabier Iridoy, gaurko agerraldian
Irungo EAJk agerraldia egin du gaur udal gobernu taldeak 2014rako prestatu duen aurrekontu proposamenari zein zuzenketa egingo dizkion jakinarazteko. Proposamen hori “hobetzeko aukera” zegoela ikusi dute jeltzaleek, hortaz, hainbat egitasmo landu dituzte horretan kontuan har daitezen, “herritarrek helarazi dizkiguten behar eta eskakizunetan oinarrituta”.
Ildo orokorren artean, EAJren proposamenek “hiritarren ongizatea hobetzeko” eta tokiko ekonomia sustatzeko” landu dituzte proposamenak, jakinda Irun dela herrialdean langabe tasarik handiena duen udalerria. “Irungo EAJk hiri proiektu bat du, non auzoek garrantzia berezia duten, eta berari esker irundarren beharrei erantzuna ematea bilatzen dugu”, zehaztu du gaurko agerraldian Xabier Iridoy EAJren udal taldeko eledunak. Jose Corchon zinegotziak ere parte hartu du agerraldian.
Lan zehatzen artean, Hendaia eta Hondarribia Irundik bizikletaz lotzeko egitasmoa aipatu du Iridoyk, eta horretan, alkatea kritikatu du, esanez EAJk landutako proposamena izan zela egitasmo horrena, “ez dugu alkatea ulertzen, gure izan den ekimen baten gurdira igo da. Santano hainbeste identifikatu da honekin, non berea dela uste baitu; ziur gaude hortaz 500.000 euroko zuzenketa hau onartuko duela”. Auzoei dagokienez, behean dauden proposamenak landu ditu hiriko EAJk. Horiek, “hiriko mugikortasuna, irundarren ongizate eta bizi kalitatea, kaleen segurtasuna, eta udaletxeko langileen artean euskararen erabilera handitzeko” izango diren proposamenak dira, Iridoyren esanetan.
- Arbesen kirol instalazioen eremu bat eraikitzeko, 520.000 euro.
- Behobiako Gaztelu Zahar ibilbideko errepidea hobetzeko 455.000 euro.
- Artian, Harrokieta kalearen eta Iparragirre kaletik Dario Regoyos kalera doan luzapenaren artean dagoen udal lursailean 30 kontxerentzako aparkalekua eraikitzeko 200.000 euro.
- San Antonio de Paduako parkearen zabaltze egitasmoaren barruan aparkalekua eraikitzeko, 145.000 euro.
- Meakan, Ingurutzetako Labeetako Interpretazio Zentrora iristeko bidean hobekuntzak egiteko 150.000 euro.
- Luis Marianoko Gizarte Zentroan hobekuntzak egiteko, 163.000 euro.
- Hiriko 30 “puntu beltz” kentzeko, 100.000 euro.
- Ekobaratza proiekturako 20.000 euro.
- Euskarazko Windows eta Microsoft Office lizentziak erosteko, 10.000 euro.