
Roberto Lopez Etxezarreta eta Maider Ziganda
Portuaren eta hiriaren arteko harreman esparru berria lortu asmoz EAJ ezik Pasaiako alderdi guztiek izenpetutako akordioaren “oso balorazio positiboa” egin du gaur Pasaiako EH Bilduk. Era berean, “oso kritiko” agertu dira gaiaren harira EAJk egindako adierazpen eta ekintzekin.
Gaur goizean egin dute aipatu balorazioa Roberto Lopez de Etxezarretak eta Maider Zigandak. Alkate ohiak biak, Portua eta Udalaren arteko harremanak aspalditik “negatiboak” direla adierazi dute eta horregatik ezinbestekoa deritzote akordiori. “Behar beharrezkoa da EAJk ezik Udaleko alderdi guztiek onartu duten harreman markoa berrestea”, esan dute “biziberritze soziala, ekonomikoa eta urbanistikoa” hortik abiatu behar dela iritzi diotelako. Zentzu horretan biziberritzearen helburu nagusia “herritarren bizi baldintzak eta lan baldintzak hobetzea” izan behar duela defendatu dute.
Portu Agintaritzako buru Ricardo Peñak lehengo asteburuan egindako adierazpenekin oso kritiko agertu dira. Besteak beste, Portuak La Herrerako ordenazioa proposatuko duela esan zuen Peñak egin zioten elkarrizketan. “Beste herri bateko alkate gisa, besterik ez bada, jakin beharko luke udalerri baten ordenazioa Udalaren konpetentzia dela soilik”, esan diote Peñari. Horrez gain, Pasaiako Udalak eremu horretarako ordenazioa plenoan onartuta duela gogorarazi diote, “herritarrekin parte hartze prozesu batean adostutako ordenazioa”.
Pasaiako EAJri deia
Pasaiako EAJri, bestetik, akordioari ezetz esatean okertu egin dela esan diote, eta leheneratzea “bere interes ekonomiko eta alderdikoien” mesedetan erabiltzeari uzteko eskatu diote. “Zatozte udaleko beste alderdi guztiekin batera elkarrekin lan egitera eta gure herria denon artean eraikitzen jarraitzera”, luzatu diete deia.
Azkenik, EH Bildu “Pasaiako Udalak hartutako bidea gaur egungo liskarrak konpontzeko bide bakarra” dela sinetsita dagoela adierazi dute, eta hori dela eta EAJri eta Portu Agintaritzari “Udalaren eskumenak ulertu, onartu eta errespetatzeko” eskatu diote.