Txistorra usaina gaurtik igarriko da Antxoko kaleetan. Izan ere, arratsean hasiko dira girotzen antxotarrak bihar egun osoz ospatuko duten feria. Iluntzeko poteoan txistorra banatuko dute tabernek, eta pintxoarekin batera errifa salduko dute.
Bihar, berriz, goizean goizetik irtengo dira baserritar eta artisauak plazara, zumardiaren inguruan 40tik gora salmenta postu jartzera. Animaliak, ere, ez dira faltako.
Eguerdian haurrek girotuko dute festa, Pasaia Lezo Lizeoko haurrek kantatzera irtengo direlako. Haien ondoren, kantu jirako lagunak, Alkarkideko txaranga eta Alkartasunako dantzariak ariko dira kalez kale.
Azkenik, sabela berotzeko babarrun jatea izango da Azokan. Txartelak oraindik salgai daude, 15 eurotan, betiko tabernetan.
Eguerdira arteko ekimenak Basari, Galepertarrak, Lore Txorta, Armonia, Arkupe eta Jaizkibel elkarteek antolatu dituzte. Arratsalderako, berriz, beste bi ekimen antolatu ditu Jai Batzordeak. 19:00etan txokolate jatea haurrentzat eta 21:00etan errioxar erako patatak banatuko dituzte helduentzat.