EH Bildu: "Erraustegia geratzea garaipen handia da gipuzkoarrentzat"
Errauste plantaren harira, PSE-EEk egindako adierazpenei erantzun die Errenteria-Oreretako EH Bilduk. Errenteriako PSE-EEk errauste planta ez eraikitzearen gastua kritikatu du, eta Errenteria-Oreretak 528.000 euro ordaindu beharko dituela gastu osotik (109 milioi euro). EH Bilduk, ordea, galdera hau bota dio: “Azpiegitura eginez gero, kalkulatuko al zuen PSE-EEk bakoitzari ordaintzea egokitzen zitzaiona?”. Gogorarazi duenez, azpiegitura egingo balitz askoz gehiago ordaindu beharko litzateke, “500 milioi euro inguru”. Hala, erantzukizunez jokatzeko eskatu dio PSE-EEri.
EH Bildu pozik agertu da errauste planta geratzeko erabakiarekin: “Garaipen handia da gipuzkoarrentzat”. Orain, birziklatzearen bideari ekin behar zaiola esan du: “Zabor gutxiago sortzea, gehiago berrerabiltzea da eta askoz gehiago birziklatzea da gakoa”. Hego Euskal Herria kontsumo eredu jasangarrietatik urrun dagoela nabarmendu du EH Bilduk, baina Gipuzkoa zero zabor herrialde izan dadin lanean ari direla.
Gutxieneko etikaz aritzetik urrun
Horrez gain, atzera bota du begirada EH Bilduk, eta errauste plantaren prozedura gogorarazi du. Hor politikariek egindako lana kritikatu du, eta “gutxieneko etikaz aritzetik urrun” egon zirela esan du. Era berean, ez ziotela funtsezko gaiari heldu salatu du: “Zerk eragiten duen horrelako tamainako errauste planta egitearen proposamena kontuan hartu eta zaborrak zein modutan kudeatu aztertzea”.
Jarrera etikoarekin lotuta, gogora ekarri du nola Donostiako alkate Odon Elortzak azpiegitura Landarbason kokatzea proposatu zuenean, nola Juan Carlos Merino orduko alkateak (PSE-EE) salatu zuen errauste plantak “kalte larriak” eragingo zizkiola Errenteria-Oreretako gizarte eta ingurugiroari baita Lasarte-Oriako orduko alkate Ana Urtxuegiak ere (PSE-EE). Bera errauste plantaren alde azaldu zen, baina Zubietan egitearen kontra. Ildo horretatik, Madrileko Carlos III Osasun Institutuak egindako txostena ere aipatu du EH Bilduk, eta horretan errauste planta inguruan duten pertsonek minbizia egiteko bederatzi aldiz aukera gehiago dituztela gogorarazi du.