Aldundiko ordezkariak, gaurko agerraldian
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oarsoaldeko lau udalerriekin elkarlanean, Eskola Kirola ekimeneko partidetara haurrak nahiz entrenatzaileak garraio publikoan joateko ekimen pilotua abiatu du. Horretarako, aldundiak izenik gabeko Mugi txartelak emango dizkie ekimenean parte hartzen duten ikastetxe guztiei (denera 73 talde dituzte denen artean), eta horien artean 146 txartel banatuko ditu; hau da, bi txartel talde bakoitzeko, eta txartel bakoitza bederatzi lagunek erabili ahal izango dute. 12.000 euroko inbertsioa egin du aldundiak horretan. Aurretik Oarsoaldean antzeko ekimena egin zuten, baina orduko horretan partidetara bizikletaz joatea proposatu zuen Oarsoaldea Garapen Agentziak.
Ekimen honen lehen proba azaroaren 30ean egin zen, eta bigarrena larunbatean egingo dute. Aldundiaren arabera, “akats txiki batzuk” antzeman arren, azaroaren 30eko esperientzia “oso positiboa” izan zen. Gerora eskualde gehiagotara zabaldu nahi du asmoa aldundiak. Herrialde mailako erakundeko Mugikortasun eta Bide Azpiegitura, eta Kultura, Gazteria eta Departamenduek sustatu dute ekimena.
Unai Erroitzienea Mugikortasun zuzendariak eta Asier Sarriegi Kiroletako zuzendariak aurkeztu dute gaur egitasmoa. Erroitzieneak esan du aldundiak “garraio publikoaren aldeko apustu garbia” egin duela, eta horren seinale, Oarsoaldeko esperientziaz gain, autobus zerbitzua hobetzeko herrialdeko 56 herritan egindako parte hartze prozesua jarri du. Sarriegik, bere aldetik, nabarmendu du gisa horretako antzeko asmoak badaudela Gipuzkoan, Deba Behean eta Goierrin esaterako.