Oiartzungo merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa martxan da Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearen eta Oiartzungo Udalaren arteko hitzarmenari esker. Egitasmo horren haritik, euskara ikastaroa antolatu dute sektore horretako langileentzat.Gaur bukatzen da izena emateko epea. Interesdunek Ttur-Tturrera joan behar dute (Fermiñene etxea), deitu (943 26 01 82) edo idatz dezakete (
mekatariostalari.tturttur[abildua]gmail.com).
Euskaraz zerbait badakiten merkatari eta ostalariek bezeroekin ohiko elkarrizketak euskaraz izaten ikastea da ikastaroaren helburua. 60 ordukoa izango da eta urtarriletik ekainera edo otsailetik maiatzera. Izena ematen dutenek mailaketa proba egin beharko dute.
Ordutegia oraindik zehaztu gabe dago, langileen lan ordutegia jakin bitarte. Antolatzaileek 14:00etatik 16:30era izatea proposatzen dute, baina oraindik ez dago erabakita.
Oiartzungo Intxixu AEK euskaltegiak emango du ikastaroa eta finantzazioa udalak hartu du bere gain. Horrez gain, beka sistema berriaren abantailak ere izango dituzte izena ematen duten ikasleek. Matrikulak 100 euro balio du, baina kopuru horren erdia ikasturtearen hasieran ordainduko du udalak. Ikasturtea bukatzean udalak matrikularen %70era arte falta dena itzuliko dio ikasleari, %85eko asistentzia bete badu behintzat.