Baserritar jantzien erakusketa
Ostiral honetatik, hilak 13, hil honen 21era arte egongo dira jarrita baserritar jantziak Kapitan Etxean. Iraultza dantza taldeak prestatutako erakusketako jantziak bereziak izango dira, XIX. mende amaieratik XX. mende hasierako baserritar jantziak izango direlako.
“Arbasoek bai baserrian lan egin edota San Tomas Egunez herrira errentak ordaintzera jaisten zirenean erabiltzen zituzten jantzien berri” eman nahi duela aurreratu du Iraultzak. Zehazki, argazki nahiz jatorrizko jantzien kopiak direla aurreratu dute.
Merkader baserriko kopia
Erakusketan hamabi jantzi ikus ahal izango dira, zazpi emakumeenak eta bost gizonenak. Aurten berritasun gisa Altzako Merkader baserriko jantzi baten kopia jarri dute. Iraultzaren eskuetara “bertako familiak hamarkada luzetan gordetako jatorriko jantzia ailegatu da, eta horren kopia ikus daiteke”.
Erakusketak San Tomas egunarekin bat egingo duenez, ostirala, larunbata eta igandean egongo da irekita: hilaren 13, 19 eta 20 —ostegun eta ostirala— 18:00etatik 20:30era irekiko dute; larunbatetan goiz eta arratsaldez 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era, eta igandean ordutegi berean.