Pako Aristi
Pako Aristi (Urrestilla, Azpeitia, 1963) idazle eta kazetariak hitzaldia emango du gaur Lezoko Kultur Aretoan, 19:00etatik aurrera,
Euskara hizkuntza bat bere bakardadean izenburupean. Euskarak egun bizi duen egoera prozesu historiko baten ondorio dela argi du Aristik, ez dela naturala, «desagerketa diseinatu baten ondorioa» baizik. Horren gaineko gogoeta egitearekin batera euskarak menpeko hizkuntza izateari utzi, eta hegemoniko bihurtzeko eman beharreko urratsak azalduko ditu hitzaldi horretan.
Euskara anti-politika baten ondorioz piramide sozialean desagertzen ari dela diozu…
Gaur euskarak bizi duen egoera ez da naturala, ez da halabeharrezkoa, prozesu historiko baten ondorio baizik. Desagerketa diseinatu baten ondorioa da. Eta arazoaren sustraian Nafarroako Erresumaren konkista aurkitzen da. Konkista hori militarra izan zen, bortxazkoa, eta konkista orok dakarren hiru mailatako ordezkapena ekarri zuen Euskal Herrira: lehenik, erakunde propioak deuseztu zituen, konkistatzailearenak ezartzeko; bigarrenik, ordezkapen demografikoa ekarri zuen, Nafarroa hegoaldean, adibidez, biztanleak laukoizteraino; eta azkenik, hizkuntza propioa ordezkatu zuen. Horrek esan nahi du konkista ondoren piramide sozialean gora egin nahi zuenak, espainola jakin eta erabili beharko zuela derrigorrez, euskara bizitza intimora baztertua geratu baitzen, ez zuen igogailu sozialerako balio. Konkistatzailearen azken mezua da espainola ere hemengo hizkuntza dela, baina hori faltsukeria historiko bat da, akulturizazioak posible egin duena. Hizkuntza bat salbatzeko bide bakarra berriz ere piramide sozialaren estratu guztietan kokatzea da, beharrezko bihurtzea.
Kale neurketek halakorik ez badute esaten ere, euskara kaleetatik desagertzeko arriskuan dagoela esan duzu. Zerk eraman zaitu ondorio horretara?
Hizkuntzarena eskubide kolektiboa da, batetik, eta unibertsala bestetik. Kolektiboa da, hizkuntzak komunikatzeko balio duelako, beraz hizkuntza bera dakien norbait izan behar duzu, interlokutore. Ez da, inoiz, aukera indibidual bat, hori bakarrizketan aritzea da, eta dakigun bezala, bakarrizketan eroek eta mozkorrek soilik jarduten dute. Eta unibertsala da, hizkuntza batek bere esparru geografikoa izan behar duelako, eta esparru horretako biztanle guztien ahotan egon. Hori horrela gertatu ezean, hizkuntza zerbait folkloriko bihurtzen da, sinboliko, hornigailua, jostailua, ez-hegemonikoa; eta kalean hegemonikoa soilik mintzatzen da. Hegemonikoa ez den hizkuntzaren erabiltzaileek ere gero eta errespetu gutxiago diote hizkuntza ez-praktiko horri.
Botere politiko propioa behar duela euskarak esan duzu menpeko hizkuntza izateari uzteko. Nola lortzen da hori, zein da bidea?
Munduan eman diren hizkuntzen indartze prozesu asko aztertu ditut, eta gehienetan hizkuntza beti joan da asmo nazional batekin lotuta. Alegia: nazioak esnatu eta euren etorkizuna bermatuko duen estatu baten bila abiatu direnean, euren hizkuntza propioa ezarri dute zutabe gisan, euren nortasuna gordetzeko, estatu berriaren hizkuntza izateko. Horrek esan nahi du hierarkia instituzionalean erakunde propioak daudela gailurrean, eta ez erakunde arrotzak. Erakunde propio horiek hizkuntzaren aldeko legedia sortuko dutela, eta ezarriko, estatuak ematen duen zilegitasun osoarekin. Horretarako erakunde legegilea dute, eta legeen betearazlea. Hori ez da lortzen ahal beste nazio baten menpeko egoera batetik, geu burujabe garen sistema politikoan baizik. Pauso hori eman ezean, euskara beti egongo da kuestionatua, gutxitua, baztertua, existentzia erreal bat edukitzeko arazo handiekin. Boluntarismoak eutsiko dio bizirik, baina bere hazkundea beti egongo da ankilosatua.