Topoaren ehun urteko bidea, iruditan
Topoaren mendeurrenaren harira, Pasaiako Antxotarrok Historia Mintegia elkarteak erakusketa bat prestatu du, ehun urte horietan ateratako argazkiekin. Horiek egunotan Errenteria-Oreretan ikus daitezke, abenduaren 14a bitartean, Xenpelar Etxean.
Irudi bilduma mardula osatu du elkarteak, eta 300 argazki ditu eskuartean: “Topoaren historia kontatzen da, eraikitzen hasi zenetik UT 900 berriak iritsi ziren arte”.
Argazkiek “une hunkigarriak” ekarriko dituztela gogora adierazi dute: “Trenak beren balkoitxoekin, argizuloak, kartoizko txartelak, mugimendu zakarrak —SEFT konpainiaren siglak Sociedad Explotadora de Ferrocarriles y Tranvias benetan Se Esperan Fuertes Trompazos zela esaten zuten— tunelak eta itoginak…”.
Donostiatik Hendaiarako ibilbidea orain dela mende bat hasi zuen Topoak, eta urteurrenean ere ibilbide horretako herrietan egin du geldialdia erakusketak: Antxon (Molinao), Donostia, Irun, Altza-Herrera, Intxaurondo, Loiola eta Hendaian.