Ikastaroko partaideak, gaur
Bidasoa Bizirik garapenerako agentziak antolatuta, eta FCC enpresako teknikarien eskutik, kale garbiketarekin harremana duten gaiak lantzeko ikastaroa egiten hasi dira gaur. Bertan lanik gabe dauden eta Lanbiden izena emanda dauden hamabi pertsona hasi dira kaleko garbiketari buruzko ezagutza jasotzen. Ikastaroa egindakoan, sektore horretako enpresetan lan egitea errazago izango dute partaideek.
Ikastaroa bi zatitan dago banatuta. Lehena gaurtik hilaren 13ra arte luzatuko da, eta prestakuntza teoriko-praktikoa jasoko dute izena eman dutenek 60 orduz: kale garbiketari buruzko gai orokorrak landuko dira, hiriko guneak sailkatuko dituzte, eta garbitzeko sistemak, horiek erabiltzeko giza baliabideak eta bitartekoak aztertuko dituzte. Laneko arriskuen berri ere izango dute ikastaroan parte hartzen dutenek. Ondoren, kalean lan eginez eramango dute aurrera jarduera praktikoa, urtarrilaren bukaera arte.
Bidasoan lehenengo aldia da gisa honetako ikastaro bat antolatzen dutela.