Herri mintegia egingo du Batera Baik gaur, erabakitze eskubideari buruz
Erabakitze eskubidearen gaineko herri mintegia antolatu du gaur Batera bai mugimenduak. Hilabete honetan zehar egindako hitzaldien ildoari jarraituz, mintegiaren gaia ere bera izango da. Hala, honako galdera hauek erantzungo dituzte: “Erabaki ahal izatea eskubidea al da? Zergatik? Zer egin genezake aurreko galderaren emaitza bideratzeko?”. Saioa 19:00etan izango da, Kaputxinoen parrokiako ekitaldi aretoan.
Batera baik gaineratu duenez, “gizarte zibiletik” eraiki nahi dute herritar desberdinen arteko bizikidetza”. Ariketa hori egitea “ezinbestekoa” dela deritzo, “etorkizuneko gizarte ezberdin bat eraikitzeko”.
Eskoziako saioa egitea aztertzen ari dira
Lehenengo mintegi horretan “gogoeten ondorioz adierazitako kontzeptuak” bilduko dituela zehaztu du Batera Baik, “ahal dela ondoren egingo den bigarren fasean horien inguruan sakontzeko. Orain arte egindako hitzaldien ondoren, bi faseen artean beste hitzaldi sorta bat egitea aztertzen ari dela gaineratu du taldeak, oraingoan Eskoziako ikuspegitik.
Herritarrei mintegian parte hartzeko deia luzatu die Batera Baik, “inor ez dadila parte hartu gabe geratu adierazteko zailtasunak edota bestelakoak dituela sinetsita”.
Azaroan egindako hitzaldi sortan Josep Maria Vila D’ Abadal Vic-eko alkate eta Associacio de Municipis per la Independencia elkarteko presidenteak, Arcadi Oliveres Bartzelonako Unibertsitatetik Ekonomian Katedraduna eta Justicia I Pau fundazioko presidenteak eta Ernest maragall PSC-PSOE alderdiko buruzagi ohi eta Nova Esquerra Catalana alderdiko presidenteak parte hartu dute.