Udaltzaingoak ohartarazi du azkealdian adinekoei lapurretak egin dizkietela
Pasaiako udaltzaingoak ohartarazi duenez, “azkenaldian adinekoei lapurreta mordoxka egiten ari zaizkie” Pasaian. Iturri berberen arabera, lapurrak “Europa ekialdeko jatorria duten emakumeak dira”. Adinekoei pentsioa kobratzen duten egunetan erasotzen omen diete, “egun horietan zaindu, gero etxe atarian edota etxerako bidean hurreratu eta diru-zorroa lapurtzeko”. Zabaldu dutenez, sinadurak eskatzen ere aritu dira, adinekoek Nortasun Agiria eskuratzeko diru-zorroa ateratzen zutenean dirua lapurtzeko. Beste metodo bitxi bat ere ba omen darabilte lapurrek: “adinekoak ezagutzen dituzten itxurak egin, besarkada bat eman, eta bitartean eskumuturrekoa edo eta lepokoak lapurtu”.
Dirudienez lapurreta mota hauek ez dira soilik Pasaian gertatzen ari. Emakume atzerritar hauek profesionalizatzen ari direla uste dute poliziek. Dirudienez Espainiako estatu osoan ari dira gertatzen horrelakoak, eta jendeak ezagutu ez ditzan tokiz asmo mugitzen direla uste dute.
Udaltzaingoak halako lapurretak saihesteko lanean ari dela iragarri du, eta hainbat lapur inputatu dituztela jakinarazi dute, baina laguntza eskatu diete herritarrei, eta susmo txarrak izatekotan, udaltzainei edo eta ertzainei deitzeko eskatu dute.